Basque Teamek eta Ausolanek 'Aktiba zaitez' kanpainea atondu dabe
2021-04-09 08:40 KirolaUmezarotik jarduera fisikoa bultzatzea da asmoa.
Ausolan alkarteak, taldeentzako sukaldaritzea egiten dauen enpresak eta Basque Team Fundazinoak Aktiba zaitez izeneko kanpainea abiarazoko dabe umezarotik bizimodu osasungarria eta jarduera fisikoa bultzatzeko.
Aktiba zaitez kanpaineari hirugarren hiruhilekoan ekingo deutse Euskadiko ikastetxeetako jantokietan. Bazkalorduko aisialdia aprobetxauta, proiektuak ikastetxeetan eguerdiagaz lotutako espazioak dinamizetea, ingurumenagazko ohitura osasungarriak eta arduratsuak sustatzea eta gazteek kirola egin deien gura dau, Euskadiko Ausolaneko hezkuntza-proiektuko lantaldearen arabera.
Leticia Canales (Surf - Sopela) eta Odei Jainaga (Xabalina jaurtiketea - Eibar, oraindino sailkapen olinpikoaren bila) eta Maialen Chourraut (Piraguismo eslalom - Lasarte -Tokyo 2021erako plaza nominalagaz) euskal kirolari olinpikoen eskutik datozen hileotan zenbait jarduera eta erronka egingo dira, bazkal ordua baino lehen edo ondoren, Ausolanen eskola-jantokietan.
Jarduera eta ariketa horreei esker, elikadura osasuntsuari eusteak dauen garrantzia, Basque Team kirolarien bidez beste kirol batzuk egiteak dauen garrantzia azalduko jake ikasleei, Ausolanek Euskadin dauen hezkuntza-proiektuko lantaldeak jakinarazo dauenez.
Aktiba zaitez kanpaineagaz bat egin duten kirolariek umeei helarazo gura deutseen mezuetako batzuk azpimarratu ditue, besteak beste, Leticia Canalesek surfa natureagaz etenbako kontaktuan egoteko kirola dala: Esperientzia magikoa da; Odei Jainagak elikadurea jagotea eguneroko entrenamendua bezain garrantzitsua da adierazo dau; eta Maialen Chourrautek piraguismoak naturan pentsetan eta ura jagon beharreko ondarea dala erakutsi deust.
Kanpainea Garapen Iraunkorreko hiru helbururi lotuta dago: Itsaspeko Bizitzea, Zero Gosea eta Ur Garbia eta Saneamendua.
Ausolanek eta Basque Teamek lankidetza-hitzarmena sinatu eben 2020an eta horren bidez, bizi-estilo osasungarriak batera bultzatzea lortzeaz gan, erakunde biek konpromisoa hartu eben kirolariei beren entrenamenduagaz eta lehiaketa ofizialetan parte hartzeagaz bateragarriak diran enplegu-baldintzak emoteko, bai eta kirol-jarduera amaitu ondoren laneratzeko be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!