Bruckner austriarraren doinuak dakarz Euskadiko Orkestreak
2021-04-08 10:23 MusikeaApirilaren 8tik 22ra, hamar kontzertu dagoz egitarauan.
Erromantizismoa da Euskadiko Orkestrearen denporaldi honetako zikloen ardatzetako bat, eta, oraingoan, estilo horren ordezkari nagusietako bat dan Anton Bruckner (1824-1896) hurreratuko deutso publikoari. Konpositore austriarraren 5. eta 6. sinfoniak interpretauko ditu Orkestreak, gitxitan jotako pieza bi.
Gaur, apirilak 8, hasita, eta 22ra arte, hamar kontzertu izango ditu ziklo honek, lehenengo bostetako programan 5. Sinfonia, eta ganerakoetan 6. Sinfonia. Donostian lau saio egongo dira, eta Iruñean Bilbon eta Gasteizen bina. Danak hasiko dira 19:30ean.
Euskadiko Orkestreak behin baino gehiagotan jo dau Brucknerren obretara azken urteotan, Robert Treviño zuzendari titularraren konpositorerik gogokoenen artean dagoalako. Hain zuzen be, Treviñoren estreinakoa Orkestreagaz, 2016an, Brucknerren 7. Sinfonia izan zan.
Oraingo honetan, gitxitan entzundako konposizino bi aurkeztuko ditu Euskadiko Orkestreak. 5. Sinfonia 1875-76an idatzi eban Brucknerrek, baina gero aldaketa batzuk egin eta 1894ra arte ez eben jentaurrean jo. 6. Sinfonia-k badau Brucknerren aurreko obren monumentaltasuna, baina diskurso dinamikoago baten ganean eregita dago, erritmo eta harmonia libreagoz.
Aste Santuko deskantsu laburraren ostean, 2020-21 denporaldiaren azken txanpeari ekingo deutso, beraz, Euskadiko Orkestreak gaur. Anton Brucknerri eskainitako hau amaitu eta gero, beste hiru programa baino ez jakoz geratuko, maiatz eta bagilerako: Gazteak (Hans Graf zuzendariagaz eta Birgit Kolar bakarlariagaz), Noragabeko adiskidea (Anja Bihlmaier zuzendari eta Manuel Walser baritono konbidadu) eta New York (Nikolai Lugansky piano joleagaz).
Anton Bruckner. Hitzorduak
- Donostiako Kursaala, apirilaren 8, 9, 19 eta 21ean (edukierea: 600 lagun).
- Bilboko Euskalduna, apirilaren 10 eta 16an (ed.: 600).
- Iruñeko Baluarten, apirilaren 13 eta 22an (ed.: 600).
- Gasteizko Principalen, apirilaren 14an eta 20an (ed.: 400).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!