'Baginen, Euskal Herriko Historia Emakumeen Bitartez' saritu dabe Nafarroan
2021-04-08 08:41 KultureaBeste irabazleak Basilisco eta Paisajes perdidos de la tierra dira.
Diego de Haro Nafarroako Liburu Denden Alkarteak 2020ko liburu onenen saridunen barri emon dau. Aurreko urteetan legez, hiru kategoriatan aukeratu ditue irabazleak: Euskerazkoen atalean, Baginen, Euskal Herriko Historia Emakumeen Bitartez; gaztelaniazkoan, Basilisco; eta liburu ilustraduetan, Paisajes perdidos de la tierra.
Euskal gizartean menderik mende emakumeek egin daben ekarpena ahaztu edo ezabatu egin dau Historia ofizialak, eta hori konpontzeko atondu eban Cira Crespok Baginen ikerlan potoloa, Txalapartak argitaratua. Euskal Herriko erregina, mediku, irakasle, kirolari, sorgin, zientzialari... ugariren barri jasoten dau liburuak, batzuk anonimoak, beste batzuk izen-abizenez. Elena Ciordiaren ilustrazinoek osotzen dabe obrea.
Epaimahaiak Cresporen eta Ciordiaren arteko sinbiosia nabarmendu dau. Hutsune handi bat beteten dau, orain arte ikusgaitasunik ez daben gure historiako emakumeak ezagutzera emoten ditualako.
Gaztelaniazko kategorian saritutako Basilisco Jon Bilbaok idatzi dau, Impedimenta argitaletxearen eskutik, eta liburuaren estilo berezia eta kontakizun hipnotikoa aitatu ditu epaimahaiak. Azkenik, ilustrazinoaren atalean, Aina Bestard-en Paisajes perdidos de la tierra izan da onena, Zahorí Ideas etxeak kaleratua.
Iruñeko Gaztelu Plazan egingo dan Liburu Azokearen egitarauaren barruan egingo dabe sariok emoteko ekitaldia, bagilaren 4an. Igazko sarituei be (2019ko liburuei jagokon edizinokoei), ekitaldi berean egingo deutse gorazarrea, pandemiagaitik igazko Liburu Azokea bertan behera geratu zalako. Karmele Jaioren Aitaren etxea, Valeria Luselliren Desierto sonoro eta David Prudhomme eta Pascal Rabateren ¡Viva las vacas! izan ziran irabazleak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!