TZ Testu Zaharrak bildumeak liburu bi dakarz

Bizkaie! 2021-04-07 13:38   Kulturea

Kate Chopin idazlearen Esnatzea eta Iparreko eleak Xabier Monasteriok atonduak.

TZ Testu Zaharrak bildumeak sasoi batean hemengo nahiz kanpoko literaturan gainea hartu eben liburuak argitaratzea dau helburu, horreetara batutako balioak nabarmendu guran, balio horreek giza eskubideei loturikoak izanik.

Alde batetik, Kate Chopin idazlearen Esnatzea eleberria plazaratu dabe, Amerikako Estadu Batuetako lehen eleberri feministatzat joten dana eta XIX. mendearen amaieran bizi izandako emakume baten ahalduntze prozesua erakusten deuskuna:

Kate Chopinek 1899an Esnatzea eleberria plazaratu ebanean, estadubatuar kritikariek ez eben gura izan liburua aztertu estiloaren aldetik eta bete-betean ekin eutsen mamina kritiketeari. Dana begitantzen jaken kritikagarria, euren eretxiz, protagonistak ezkontzaz kanpo sexu-hartu-emonak izateko agertzen eban jokereak moral onaren mugak gainditzen zituan; beti gogoak emoten eutsona erabagiteak auzitan jarten eban senarraren aginpidea; eta edozein gai eta arazotan bere kontura jardutea gizartearen arauak zapuzteko erarik onena zan. Jakina, kritikari hareek ez eben esaten moral ona eleiza kalbinisteak ezarritakoa zala eta gizartearen arauak gizonek asmautakoak ziranik.

Bildumea: TZ Testu Zaharrak 3
Jatorrizko izenburua: The Awakening.
Itzultzailea: Xabier Monasterio.
Argitaratze data: 2019ko abendua.
Orrialde kopurua: 240.
Salneurria: 20 euro.

Bestetik, Iparreko eleak Ipar Euskal Herriko testu laginak izenburuko lana be plazan dago, Xabier Monasteriok hautatu eta atondutakoa; 28 atal laburretan, Iparraldeko euskaldunek literaturan nahiz bestelako arloetan sortutako testuen antología bat da, testu bakotxa bere testuinguruan kokatuta:

Euskal Herriko literatura ondare aberatsena Iparraldean dago, duda barik. Halan da be, ezin esan daiteke egungo irakurleak ondare hori behar bezela ezagutzen dauenik. Hori dala eta, liburu honetan lehen hurreraketa bat proponiduten jako irakurleari, lagin laburren bitartez Ipar Euskal Herriak iraganean sortutako danetariko testuak ezagutzeko, izan be, literaturea, almanakak, gutunak, katiximak, testuliburuak, aldizkari artikuluak eta beste zenbait testu mueta be topauko ditu orrialdeotan. Euskal Herriko ipar-hegoak lotzen laguntzeko lanabesa da liburu hau.

Bildumea: TZ Testu Zaharrak 4
Egilea: Xabier Monasterio.
Argitaratze data: 2020ko abendua.
Orrialde kopurua: 200.
Salneurria: 20 euro.

Orain arte beste liburu bi plazaratu ditue: Bele saldo bat, Denji Kuroshimarena eta Oilagorraren ipuinak, Guy de Maupassantena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu