Bilboko autobus-markesinetan eta metroan 40 artelan ipini ditue

Bizkaie! 2021-04-07 08:40   Kulturea

Arte non-nahi ekimenaren bidez, horreek obrak erosi ahal izango dira.

Ekimenaren antolatzaileak, artelandun markesina baten alboan (argazkia: Moving Artists) | Ikusi handiago | Argazki originala

Irabazi asmo bako Moving Artists alkarteak, Bilboko Udalaren babesagaz, Arte non-nahi antolatu dau, bertoko artisten obrak erakusteko eta saltzeko bide barritzailea. Izan be, proiektu honetarako aukeratutako 40 artelanak uriko autobus-markesinetan eta metroan ikusi leitekez, eta eskuko telefonoaren bidez, interesa dauenak momentuan bertan erosi leike piezaren bat. 

Arte non-nahi ekimenaren bidez helburu ugari bete nahi ditue. Lehenik eta behin, herritarrei sorkuntzea hurreratzea eta bertoko artistei bultzadea emotea, pandemia sasoian euren lana erakusteko oztopoak izan dituelako. Beste sektore asko lez, artistena be larri dabil azkenaldion, eta Moving Artists-ek eta Udalak laguntzinoa emon nahi deutse. Bestetik, bildumazaletasuna sustatzea be badago helburuen artean.

Batik bat, arte garaikidea lantzen daben sortzaileei zuzendutako deialdia izan da honako hau. Hautagaitzea aurkeztu daben 120 artisten artetik 40 aukeratu ditue antolatzaileek markesina eta geltokietan ipinteko. Bilbon ikusgai ez dagozanak be erosi leitekez, Moving Artists-en webgunean (hemen). 

Apirilaren 20ra arte egongo dira 40 obrak markesina eta geltokietan, eta webgunean maiatzaren 15era arte. Leku bakotxean, jagokon obrearen bereizmen oneko argazkia, fitxa teknikoa, prezioa eta QR kodea ipini ditue. Azken horrek webguneko salmenta eremura eroango ditu erabiltzaileak. 

Arte garaikidearen barruko teknika eta formatu ugari dagoz aukeratutako 40 obren artean, esate baterako, pinturea, eskulturea, argazkiak, diseinu grafikoa eta muntaiak. Batez besteko prezioa 500 euro dan arren, danetariko prezioak topauko ditue herritarrek: ilustrazino digitaleko 300 aleko edizino mugatu bateko unidadeak balio dauen 25 euroetan hasi, eta 4.500 euroko horma-irudian amaituta. 

Hurrengo asteetan, beraz, aire zabaleko galeria bihurtuko da uria, antolatzaileek azpimarratu dabenez. Moving Artistis alkarteko kide Ixone Sadabak bertoko artistak sormenerako erakusten dabizan kemena azpimarratu dau, eta publikoari be dei egin deutso: herritarrei artea hurreratu eta arte-galeriak bisitetera animau nahi doguz

Urian jarduera ekonomikoa eta enplegua bultzatzeko Udalak martxan jarritako Bilbao Aurrera planaren barruan dago Arte non-nahi. Sormenaren eta kulturearen industriei laguntzeko asmoz, hainbat diru-poltsa plazaratu ditu Udalak, Moving Artists-en ekimen hau babesteaz gan, danetara miloe bat euro baino gehiagoko inbersinoa eginez. Xabier Otxandiano zinegotziaren esanetan, uriko espazio publikoak dinamizau nahi ditue, eta Arte non-nahi bat dator asmo horregaz. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu