'Nekaldiaren herria', Alejandro Zugazaren argazkiak Durangon

Bizkaie! 2021-04-06 10:35   Kulturea

Pasinoa bertan behera geratu danez, formatu handiko irudiak esegi ditue Santa Ana plazako eraikinetan.

Osasun egoereak behartuta, aurten be ezin izan da Durangoko Pasino edo Nekaldi ezaguna antzeztu, baina Juan de Iciar alkarteko kideak eta Durangoko Udala ez dira geldirik egon, eta herrian horrenbesteko estimua dauen ekitaldiaren omenezko erakusketea antolatu dabe, Nekaldiaren herria izenburupean. Apirilaren 9ra arte ikusgai dagoz Santa Ana plazako eta inguruko eraikinetako fatxadetan Alejandro Zugazaren argazkiak, formatu handi-handikoak.

2019ko Pasinoan egin zituan Zugazak argazkiok. Jesusen Nekaldiaren eszenak durangarrek antzezten dituenez eurak dira erakusketako protagonistak. Bertan behera geratu dan arren, Durangoko Aste Santuaren erdigune izaten segiduten dau, beraz, Nekaldiak. 

Zugazak egindako argazkietako batzuk aukeratu eta digitalizau zituen lehenik eta behin, ondoren formatu handira pasetako. Oihal edo lona handi banatan erreproduzidu zituen ondoren, Santa Ana plazako eraikinetan eta Pinondo Etxean esegiteko. 40 argazki dira, handienak 4x4 metrokoak. Holan, handik pasetan diran herritar guztiek gozau leikie irudiez, baita Nekaldiaren atzean dagoan lana ezagutu be. 

Boluntario ugariren parte-hartzeari esker egin da 28 urtez Durangoko Nekaldia, eta hurrengo urteetan barriro egiteko asmo sendoa dabe Juan de Iciar alkarteko kideek. Nekaldiko eszenetan agertzen diran boluntario gehienak gazteak dira, batez besteko edadea 30 urte da. Horregaitik, Nekaldiari egindako omenaldia ez eze, belaunaldi barriak animetako bidea be bada argazki-erakusketea. 

Antolatzaileek azaldu dabenez, Nekaldiaren lanaren atzean balio positibo jakin batzuk dagoz: boluntariotzea, ahalegina eta talde baten parte izatearen sentimendua. Urterik urte Nekaldia egin daiten lanean dabizan herritar guztien konpromisoa erakusteko aproposa da, ganera, erakusketea.

Protagonista nagusiak Jesus eta Mariarena egiten daben personek diran arren, boluntario guzti-guztien lanari egindako omenaldia da Nekaldiaren herria, lankidetzan oinarritutako ekitaldia izanik, danen lana beharrezkoa dalako. Ima Garrastatxu alkatearen esanetan, bai Pasinoa, bai bertan lan egiten dauen jente guztia erakusketa honetan egotea oso garrantzitsua da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu