Ernest Hemingway protagonista Gernikako Euskal Herria Museoan

Bizkaie! 2021-04-06 08:40   Kulturea

Idazle amerikarrak euskal jenteagaz izan eban loturea agertzen da erakusketan.

Gernikako Euskal Herria Museoak Ernest Hemingwayri (1899-1961) eskainitako atzera-begirakoa aurkeztu dau, idazleak Euskal Herriagaz izandako 40 urteko hartu-emonak objektu eta testu ugariren bidez jorratzen dituan erakusketa zabala. 2022ko urtarrilera arte egongo da Gernikan Hemingway & Euskal Herria izeneko erakusketea. 

Munduko literaturan berezko izena dauen idazle, kazetari eta kronikagilea izan zan Hemingway, Nobel Sariaren irabazlea. Bizizalea zan eta herrialde ugaritako lagunak izan zituan. Euskal Herriagaz 40 urte inguruko loturea izan eban, Gernikako erakusketan ikusten danez. Iruñeko sanferminetako bizipenakaitik da ezaguna, baina hortik aparte be ibili zan gurean. 

Edorta Jimenez komisario dala, Hemingway & Euskal Herria erakusketeak objektuak, argazkiak eta ikus-entzunezkoak batzen ditu, besteak beste. Tartean dagoz bitxikeria ugari, adibidez idazlearen idazmakinetako bat. Helados Pereiraren gurditxua be ikusgai dago; Hemingwayk 1959an Bermeora egindako bisita batean izozki bat hartu eta argazkia egin eban haren ondoan.

Hemingwayren sasoiko zein gaur egungo artisten obra batzuk be eroan ditue Euskal Herria Museora. Jose Maria Ucelayren Conversation Piece, Just Leisure olio-pinturan, Hemingway eta Juan Duñabeita agiri dira. Martha Gellhorn kazetari eta idazlearen Hemingway  & Euskal Herria kontakizunak osotzen dau erakusketea. Hemingwayk eta Gellhornek Habanan bizi ziran euskal pilotariakaz ordu txikiak arte egindako jai bat kontetan dau. Erramun Mendibelanda arduratu da liburuaren diseinuaz, maketazinoaz eta ilustrazinoez.

Beste alde batetik, erakusketeagaz batera aurkeztu dabe Hemingwayren Night Before Easter liburuaren euskerazko argitalpena, Pazko bezperako gaua izenburuduna. Edorta Jimenez idazle eta erakusketako komisarioa izan da edizinoaren arduraduna.

Hileon berton hasita, Euskal Herria Museoak jarduera ugari antolatuko ditu erakusketeagaz lotuta: zine foruma, ipuin kontaketea, irakurketa komentaduak, ibilbideak eta berbaldiak. Ganera, maiatzean, Edorta Jimenezek Night Before Easter kontakizunaren inguruko berbaldia emongo dau. Museoen Nazinoarteko Egunaren kontura, ekitaldi berezi bat egingo da Helados Pereiraren eskutik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu