Bizkaiko kulturgintzea bultzatzeko prozesua hasi da

Bizkaie! 2021-03-31 08:28   Kulturea

Bizkaiko Foru Aldundiak deituta, lehenengo topaketan kulturearen sektoreko ordezkari ugari batu dira.

Lorea Bilbao azalpenak emoten (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Kulturgintzearen arloaren egoera larriari aurre egiteko, Bizkaiko Foru Aldundiak politika egokiak eta eraginkorrak diseinau eta aplikau nahi ditu. Gaur egungo beharrak ezagutu eta kulturgileei asmo honen barri emoteko, lan-batzar zabala antolatu dau Aldundiak, sektoreak Bizkaian daukazan ordezkari ugarigaz, Bilboko Euskalduna Jauregian. Kultura diputadu Lorea Bilbao eta atal horretako zuzendari nagusi Begoña de Ibarra izan dira saioaren gidariak.

Hasteko eta behin, Foru Aldundiak erabagi dau Bizkaiko kulturearen eta sormenaren ekosistemea mapeauko dauela hurrengo hileetan, alor horren argazkirik ahalik eta zehatzena izateko asmoz. Politika publiko egokienak bultzatu ahal izango dira informazino horri esker, sektorearen garapenean eta sustapenean modu eraginkorrean laguntzeko.

Kulturgintzea suspertzeko plangintzea ezinbestekoa dala uste dau Lorea Bilbaok. Sektorea indartzeko politika egokienak definiduten jarraitu nahi dogu, inor atzean itxi barik, protagonistek emondako ezagutza erreal eta eguneratutik lan eginez. Era berean, eragile guztiak ahalduntzea bilatzen dogu. Horretarako, alkarlana eta parte-hartzea beharrezkoak dirala dino Kultura diputaduak. Kultursistema metodologia erabiliko dabe helburu hori beteteko. 

Euskalduna Jauregian egindakoa, hain zuzen be, hurrengo hileotan egingo diran azterketa-jardunaldietako lehenengoa izango da. Foru Aldundiak azaldu dauenez, Kultursistema-k esparru kontzeptuala eta tresna digitala ditu, Bizkaiko kultura-ekosistemako persona, erakunde eta instituzino guztien testuingurura modu aberats eta askotarikoan hurreratzeko.

Prozesu horrek hainbat ekarpen egingo ditu. Esate baterako, eragileak kategoria barrietan antolatzea, danen errealidadeak kontuan hartuta; balio-kateen ikuspegi barria, gizarteagaz edo merkaduagaz daben loturearen arabera; eta aldagaiak alderatzea. Tresna digitala da Kultursistema, parte-hartzaile guztien ekarpenak batu eta analisia egiteko, datuak modu kualitatibo, kuantitatibo zein grafikoan aztertzeko.

Era honetako prozesuetan eskarmentua dauen talde batek gidatuko dau eta laguntzino teknikoa emongo deutse parte-hartzaileei. Foru Aldundiak azaldu dauenez, bertoko errealidadea oinarri nagusia izango dan arren, nazinoarteko bokazinoa be badau egitasmoak. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu