'Izaro' eskulturearen inguruko erakusketea Eusko Legebiltzarrean
2021-03-30 08:38 KultureaNestor Basterretxearen obrea Gasteizko parlamentuan dago 1983tik.
Eusko Legebiltzarra martxan hasi zanetik 40 urte bete dirala ospatzeko, erakusketa berezia antolatu dabe Legebiltzarrak berak eta Bilboko Arte Eder Museoak. Parlamentuak Gasteizen daukan egoitza nagusian, Nestor Basterretxea artista bermeotarraren Izaro eskulturearen historia ezagutu leiteke, piezea sortzeko bozetoen, argazki zaharren eta erreprodukzinoen bidez. Horrezaz gan, Izaro-ren sasoiko beste obra batzukaz batera, orduko kontestu historikoan kokatu dabe Basterretxearen lana.
1983an ipini eben Izaro orain dagoan lekuan, hau da, Legebiltzarreko batzar aretoaren buruan. Haretx egurrez egindako pieza sendoa da, abstraktua. Ordura arte Euskal Herrian gitxi jorratutako eskultura publiko garaikidearen bidetik jo eban Basterretxeak, eta piezearen zazpi adarren kontura, honako hau esan eban artisteak: Nire obreari emon nahi izan deutsadan adierazpen etniko eta kulturala da jatorri bakarra.
Berez, Izaro arbolearen sinboloa da, Euskal Herrian erabagiak zuhaitzen azpian hartzeko egoan ohiturearen gomutan. Egurra Frantziatik ekarri eben arren, Gernikako Arbolearen ezpal batzuk be sartu zituen eskulturan, horretarako baimena eskatu eta gero. 22 proiekturen artean Izaro aukeratu eben Eusko Legebiltzarraren sinbolo izateko, eta gaur arte egon da batzar aretoan zintzilik, pribilegiozko lekuan. Arbolea aretorantz iraultzen da, adierazo eban Basterretxeak.
Peio Aguirre idazle eta kritikaria da Eusko Legebiltzarreko erakusketako komisarioa. Haren esanetan, Basterretxearena lan aparta da, eta munduan bakarra: Artelan moderno eta abstraktu bat, bizitza politikoaren erdigune izateaz gan, aldi berean parlamentu baten ikurra eta logotipoa da. Sinbolo horren aldeko adostasun sozial eta politikoa erabatekoa da.
Izaro Eusko Legebiltzarrera zelan heldu zan azaltzeko, Aguirrek dokumentu ugaritara jo dau. Erakusketan ikusi leitekez Basterretxeak egindako zirriborroak eta marrazkiak, eskulturea zelan jaio zan jakiteko. Ganera, obrea Legebiltzarrean ipinteko prozesua be agertzen dau erakusketeak, orduko argazki eta prentsa-errekorteen bidez. Gorka Eizagirrek liburuxkea eta erakusketea bera diseinau ditu.
Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiria, Arte Eder Museoko zuzendari Miguel Zugaza, Peio Aguirre komisarioa eta Nestor Basterretxearen alaba Monica Basterretxea egon dira, besteak beste, erakusketearen aurkezpenean. Tejeriak adierazo dauenez, obrea eta egilea herritarrei zabaltzea eta hurreratzea da helburua.
Gure aurrekoek lez, Legebiltzar honek eta legebiltzarkideok zuhaizpean legeak eta akordioak egiten jarraitzen dogu, zazpi adardun alegiazko zuhaitzaren azpian; Izarok Eusko Legebiltzarra adierazoten dau eta Gernikako Arboleak lez, askatasunaren arbolea adierazo nahi dau, ganeratu dau Tejeriak.
Publikoak oraingoz ezin dau erakusketea ikusi, osasun arloko arauak dirala eta. Horregaitik, 360 graduko bisita birtuala atondu dau Eusko Legebiltzarrak bere webgunean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!