‘Argiak Senegalerako’ garapenerako lankidetza-proiektuan indarrak batu ditue
2021-03-29 13:48 KultureaBFAk, Guggenheimek eta Olafur Eliasson-ek bat egin dabe.
Bizkaiko Foru Aldundiak, Guggenheim Museoak eta Olafur Eliasson-en irabazi asmorik bako Little Sun Fundazinoak bat egin dabe Argiak Senegalerako garapenerako lankidetza-proiektuan. Olafur Eliasson artisteak bere Little Sun Fundazinoaren bidez, Senegaleko landa-eremuko osasun-zentroak babesteko programea abiarazo dau. Afrikako landa-eremuetako osasun-instalazino gehienetan ez dabe argi-indarrik edo noizbehinka baino ez eta osasun-profesionalek be askotan ez dabe holakorik lanean dabizenean; esate baterako, ordu luzez bidaiatu behar dabe pazienteakaz hartu-emonetan egoteko ezinbestekoak diran eskuko telefonoak kargau ahal izateko. Elektrizidade indarraren hornikuntzea sarri eten egiten danez, osasun-langileek ezin ditue diagnostikoak egiteko oinarrizko-frogarik egin, ez dabe botika hotzetan konserbetako modurik, ezta ebakuntzak egiteko argirik be.
Proiektuaren aurtengo edizinoan osasun-zentroetan erabilteko 65 eguzki-sistema finantzauko dira, osasun-langileen lana errazteko, baita COVID-19aren prebentzino-kanpainetan, amak jagoteko zein gaixotasun tropikalen kontrako lehen sorospenean. Dobako argiztapena emoteaz gan, eguzki-indarrean oinarritutako sistemeak honek eskuko telefonoak kargetako aukerea be eskaintzen dau. Enplegua, Gizarte Inklusinoa eta Bardintasuna Sustatzeko saileko diputadu Teresa Laespadak eta Museoko Zuzendari Nagusi Juan Ignacio Vidartek aurkeztu dabe Little Sun eguzki-lanparen sistema hau Guggenheim Bilbao Museoan.
Proiektua, eta Bizkaia Koopera programea bera, NBEren Garapen Jasangarriko Helburuen 2030 Estrategiaren barruan kokatuta dagoz: Alkarlan honek argi erakusten dau zelan artearen munduak ekintza klimatikoan lagundu leiken eta Garapen Jasangarriko Helburuei ekiteko balio dauela. 2012tik, Little Sunek 1,2 miloetik gora eguzki-gailu personal banatu ditu mundu osoan ikasle, errefuxiatu, maisu eta osasun-langile komunitarioen artean, elektrizidaderik bako eremuetan. Erakundeak 58 miloe ikastordu gehigarri sortu ditu umeentzat, 800.000 tona metrikotan bajatu ditu CO2 isurketak eta etxeetan 150 miloe dolar aurrezten lagundu dau, energia garbia erabiliz. Little Sunek kultur erakundeakaz eta artistakaz lan egiten dau, eguzki-energia mundu-mailan personen eguneroko bizitzara eroateko eta munduari www.littlesun.org-ren eguzki-energiaz funtzionarazoteko ekintzak bultzatzeko.
Olafur Eliasson: Bizitza errealean
Iberdrola babesle dauen erakusketea 300.000 lagunek bisitau dabe Guggenheim Bilbao Museoan eta ateak behin betiko zarratuko ditu datorren apirilaren 11n.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!