Aste Santuan Enkarterriko ondarea ezagutzeko ibilbide kulturalak ugari
2021-03-29 12:13 KultureaIbilbideak google earth erabilita egin daitekez.
Aste Santua momentu egokia izango da Enkarterrin familia-planak egiteko eta bertako kultura eta ingurumen ondare aberatsean sakontzeko. Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen esku dagoan Enkarterriko Museoak, oinez edo bizikletaz egiteko hainbat ibilbide diseinau ditu, eskualdeko txoko erakargarrienak ezagutuarazoteko. IbilbiDEM izeneko proiektuaren helburua inguruko kulturea, turismoa eta ingurumena bultzatzea da, bertako ondasun preziatuenetako bat dan Enkarterriko Museotik eta Abellanedako Batzar Etxetik hasita. Etorkizunean ibilbide gehiago gehituta zabalduko dan IbilbiDEMek zortzi ibilbide erraz, atsegin eta kulturearen ikuspegitik erakargarri jasoten ditu; jente guztiarentzat egokituta dagoz eta ekimena aukera ona da eskualdeko kultur eta ingurumen ondare aberatsa ezagutzeko eta oso-osorik beteten ditu osasun arloko agintariek Covid-19aren kutsadurak ebitetako personen artean tartea gordeteko ezarritako neurriakaz, ibilbideak modu librean eta ingurune natural edegian egingo diralako.
Ibilbideak Enkarterriko museoko webgunean deskribiduten dira eta google earth aplikazinoa erabilita egin daitekez; hori da barrikuntza nagusia, sistema horrek erakarpen eta moldakortasun handia emoten dauelako. Aplikazinoa deskargau ostean, erabiltzaileak bere eskuko telefonoko pantailearen bitartez ikusi ahal izango ditu ibilbide bakotxeko intereseko puntu guztiak (mapea, aireko bisitak, goitik egindako grabazinoak...). Helburua, ibilbidea egiten daben guztientzat gidea izatea da, automobilez edo bizikletaz joateko edo ibilbidea oinez egiteko.
Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak beste tresna bat emon gura deutse bizkaitarrei, modu librean, Museoaz eta Abellanedako Batzarretxeaz gan, Enkarterriko ingurune natural eta kultural osoa ezagutu daien, modu erakargarrian eta dibertigarrian. Familientzako, lagun taldeentzako eta ibilbidea egin gura daben guztientzako dago pentsauta.
Ibilbide laburrena 3,5 km-koa da eta luzeena 11 kilometrokoa. Enkarterriko bihotzean sartzen dira, eskualdeko bailara nagusietank eta kultureagaz eta industriagaz lotutako aztarnetan; berbarako, errege galtzadea eta jauregiak, torreak, jaunen etxeak, ehun urte baino gehiagoko baserriak, baseleizak, eleizak, burdinolak eta meatzaritzako iraganaren aztarnak dituen bideak hartzen ditue. Enkarterriko Museoak akordioa lortu dau Enkarturregaz, IbilbiDEMeko ibilbideak zabaltzeko eta bultzatzeko.
Zortzi ibilbideak
· Ubieta tontorrera eta Larreara igoerea. 6 kilometroko igoerea da (edo 8koa, Larrea tontorrera heldu ezkero). Joan-etorria 12 edo 15 kilometrokoa da. Ibilbide guztien artetik menditsuena da, igoerea Museoan bertan hasten dan asfaltautako pistatik egiten dan arren.
· Ibilbideak Errege Galtzadatik. Hainbat udalek Kadaguako errege galtzada zaharraren tarte batzuk egokitu ditue. Beste tarte batzuk auzoko bide xume bilakatu dira. Errege Galtzadea ezagutzeko hiru ibilbide ezarri dira:
I. Ibilbidea Errege Galtzadatik
Hasteko, bisitea egingo dogu Museora. Automobilez joango gara Balmasedara eta bertan, Kadagua errekearen ondotik, Balmasedaraino ailegetan dan bidea hartuko dogu. Urteak daroaz bidegorri moduan egokituta eta La Mella eta La Herrera (Zalla) ingururaino heltzen da. Bertan ondare zabala dago (Terreros Torrea, Taramonako eskolak, etab.). Errekearen ondotik doa, landaredia handiaren artean. Oinez egin behar dan tarteak sei kilometro ditu.
II. Ibilbidea Errege Galtzadatik
Hasteko, bisitea egingo dogu Museora. Automobilez joango gara Ibarraraino (Zalla) eta bertan Kadagua errekearen ondotik, Gobeo auzotik, La Herreraren (Zalla) hasierara heltzen dan bidea hartuko dogu. Tarte bat auzoko bidea da eta beste batek urteak daroaz bidegorri moduan egokituta. Ondare zabala ikusten da (baserriak, Gobeoko torrea eta jauregia), Bolunburuko parke naturalean gagoaz (urdinola, torrea, baseleizea...) eta La Herrera auzoaren hasieraraino heltzen da. Oinez egin behar dan tarteak sei kilometro inguru ditu.
III. Ibilbidea Errege Galtzadatik. Hasteko, bisitea egingo dogu Museora. Automobilez joango gara Soduperaino (Gueñes) eta bertan Kadagua errekearen ondotik, Atxeta kaletik, Gueñeseko Andra Mari eleizarako bidea hartuko dogu. Gueñeseko erreka ondoko auzoak (Bolibar, Errekalde, Santxosolo, etab.) lotzen dituan auzoko bidea da. Ondare zabala ikusteko aukerea emoten dau (baserriak, Santxosoloko San Martin baseleizea, Gueñeseko udaletxea, Andra Mari eleizea...) eta Kadagua errekearen ibarren ingurunea be hartzen dau. 11 kilometro dira.
· El Alisaleko (Sopuerta) meatzaritzako ibilbidea. Hasteko, bisitea egingo dogu Museora. Automobilez joango gara El Castañoraino (Sopuerta) eta bertan El Alisaleko meatzaritzako auzora eroango gaituan bidea hartuko dogu. Beste mueta bateko paisajea da, etxeak desbardinak dira eta burdin mineralaren ustiapen historikoak asko aldatu ditu inguruneak. Ustiapenaren sasoian jente asko bizi zan bertan eta El Alisaleko auzoari Galizia esaten eutsen, handik etorritako behargin asko egoalako bertan. Ondareari jagokonez, erreketako Lindeko labeak edo meategietako jantokia azpimarratu behar dira. Auzoetako bideen artetik doan 3,5 kilometroko ibilbide laburra da.
· Ibilbideak Gordexolatik: Proiektuaren lehenengo fase honetarako Gordexolatik egingo diran ibilbide bi jasoten dira:
Gordexola Bideak I: Hasteko, bisitea egingo dogu Museora. Automobilez joango gara Molinarreraino (Gordexola) eta bertan, El Verdugal eta Isasi auzoetara eroango gaituen bidea hartuko dogu. Inguru horreetan ikuspegi bikainak eukiko doguz, eta aspaldiko baserriak eta eraikin interesgarriak ikusi ahal izango doguz, Isasiko Santutegia edo San Jose Babesetxea (1883), beste batzuen artean. Bertatik Zubietera ailegauko gara, Zubieteko eta Oxirandoko torreak eta bertan kontserbetan diran baserri interesgarriak ikusteko. Bideak Gordexolako Galtzada zaharraren parte bat hartzen dau. Barriro Molinarrera helduko gara, eta bertan indianoen etxeak edo San Juan eleizea ikusi ahal izango doguz. Oinezko ibilbideak 6 kilometro inguru ditu.
Rodaiega-Urdanegi II: Hasteko, bisitea egingo dogu Museora. Automobilez joango gara Allenderaino (Gordexola) eta bertan, Rodaiega bailaratik eroango gaituan bidea hartuko dogu. Paraje natural eder horretan Rodaiegako auzoa dago eta Urdanegiko Jauregi ikusgarrian amaitzen da. Ibilbidea 7 kilometro ingurukoa da.
· Traslaviña-La Reneja (Artzentales) ibilbidea: Hasteko, bisitea egingo dogu Museora. Automobilez joango gara Traslaviñaraino (Artzentales) eta bertan La Paraya eta Laiseka auzoetara eroango gaituan bidea hartuko dogu. Bertatik, La Renejara heldu eta oso-osorik sartuko gara bailaran. Oso leku ederra da eta amaieran, Kolitza tontorra dago. Auzoko bidetik Regomedo herrixkara helduko gara eta bertatik Traslaviñara bueltauko gara. Ondareari jagokonez, inguruko baserriak, Enbaxadorearen txaleta edo Traslaviñako ondarea azpimarratu behar doguz. Oinezko ibilbideak 6 kilometro inguru ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!