VII. Loraldiak 4.000 ikusle izan ditu
2021-03-29 10:29 KultureaHogei egunez euskal sormenak Bilbo hartu dauela dinoe antolatzaileek.
Covid-19aren pandemiak egokitzera behartu ditu ekitaldi kulturalak, publikoagana heltzeko bide barriak topetera behartuz. Antolatzaileek egin daben balorazinoaren arabera, badirudi Loraldiak asmau dauela 2021eko edizino honetan, beste behin bete dauelako Bilbora euskerazko sormen barritzailea eroateko helburua. Edizino arrakastatsua izan dala azaldu dau Loraldia Alkarteak.
Online bidezko emonaldiek sekula baino pisu handiagoa izan dabe VII. Loraldian, Bilbora hurreratu ezin izan daben ikusleei aukerea emon deutselako egitarauko proposamenez gozetako. Danetara, presentzialak eta telematikoak kontuan hartuta, 4.000 ikusle izan ditu Loraldiak aurten. Aretoetan, aforoaren % 84 bete da, batez beste.
Euskal Herri osoko 120 artista inguruk hartu dabe parte egitarauan, disziplina ugaritakoak, baina beti barritzaileak. Euskerearen unibersoa sortzeko konpromisoa agertu dau, beste behin, festibalak. Hogei egunez euskerazko sormenak nagusi izan dira Bilboko kultur agendan, adierazo dabe antolatzaileek.
Balorazino positiboa egiteko, Loraldia Alkarteak hamaika arrazoi ditu. Batetik, bizi dogun egoereari aurre egiteko gai izan gara, segurtasun eta babes neurri guztiak hartuta. Egitarauko ekitaldi guzti-guztiak egin ditue, eta horrek kulturea segurua dala erakusten dau, antolatzaileen ustez.
Bigarrenik, euskal kulturearen proposamenak erdigunera ekarri dituela be nabarmendu dabe, uriko 13 aretotan ekitaldiak antolatuta. Sormenagaz zorretan egoala aldarrikatu eban Loraldiak festibalaren leman, eta erantzuna emon deutsagu horri. Hirugarrenik, formatu artistikoen askotarikotasuna be aitatu dabe, eta sortzaile barri askori aukerea emon izana.
Azkenik, publikoaren erantzun parebakoa azpimarratu dau Loraldia Alkarteak. Programazinoak harrera parebakoa izan dau eta aretoak lepo bete dira. Ikuspegi artistikotik, publikoak gozau egin dau. Eta jarrera aldetik, segurtasun eta babeserako baldintza guztiak bete ditu.
Hogei eguneko egitarau zabala antolatzeko orduan, babesle eta laguntzaileen ekarpena autortu dau Loraldiak, eta danei eskerrak emon deutsez. Alkarlanari esker lortu dabe, besteak beste, arlo digitalera salto egitea edo Ipar Euskal Herriko artistak ekartea. Antolatzaileek aurreratu dabe VIII. edizinoa preparetan hasi dirala dagoeneko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!