Bilbon, Garabiaren eta Pabilioi 6ren birgaitze integralari ekingo deutse
2021-03-26 12:24 KultureaZorrotzaurren kultur eskaintzea sustatzea da asmoa.
Lehen fasean Garabia eraldatu eta, ondoren, Pabilioi 6 erabarrituko da. Eraikin bi horreek Udalarenak dira eta Udalak egiten ditu mantentze-lanak, baina Pabilioi 6 Arte Eszenikoen Sortzaileen Alkarteak eta bere Konpainia Gazteak kudeatuko ditue. Garabia espazioko lanak udearen ostean hasteko asmoa dago, 1.541.299,92 euroko aurrekontua dabe eta sei hilebeteko epean amaitzea da helburua.
Bilboko Udalak Garabia eta Pabilioi 6 barritzeko lanak eta inguruko urbanizazinoa egingo ditu, antzerki gune barri bi bultzatzeko eta, era berean, proiekzino handiagoa emoteko. Aitatu guneak industria-pabilioi zahar batean dagoz eta urteen porasuz, hainbat egokitzapen, aldaketa eta konponketa egin behar izan dira; orain, barriz, Zorrotzaurre inguruko elementu eragile eta motor kultural lez sendotzeko beharrezko eraikuntza eta ekipamendu-berme danakaz egokituko da. Ekipamenduok Zorrotzaurreren hegoaldean dagoz, Deustuko Erriberearen eta Eugenio Olabarrieta plazearen artean. Bilboko Udala, gainera, obratan dabil, plazan dagozan umeen olgeta-guneak estaltzeko.
Garabiaren eta Pabilioi 6ren obrak fase bitan egingo dira, kultur jarduerak eten barik jarraitu ahal izateko —ahal dan neurrian— zaharbarritze lanakaz batera.
Garabia
Lehen fasean Garabia osorik erabarrituko da, gaur egun Pabilioi 6ko Konpainia Gaztearen eszenatokia baita. Gaur egungo egiturea eraisteko lanokaz Udalak espazioa egokituko dau, konpainia horrek antzerki moderno eta seguru batean lanean jarraitu ahal izan daian.
Bigarren fasean, Pabilioi 6 birmoldaketeari ekingo jako, espazioa handiagoa baita; eregiteko proiektua Garabian obrak egiten diran bitartean egingo da.
Bilboko Udalaren Obretako, Uri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Sailak aldez aurretik aztertu dau Garabiaren egiturea eta ondorioztatu dau eraikina bota eta berreregi egin behar dala, multzoaren egonkortasuna bermatzeko.
Kontuak kontu, eraikinak jatorrizko bi nabeei eutsiko deutse eta horreetan nagusiak eszena osoa hartuko dau: sarrerako atondoa, leihatilea, 112 ikuslerentzako besaulki-patioa eta kontrol-kabinea, eszenatokiaz gan.
Besaulkien eta agertokiaren eremua balioanitza da eta, beraz, harmaila atzeragarriak jarriko dira, espazio guztia libre itxi eta, behar izan ezkero, eszenatokira lotzeko.
Bigarren nabeak, etxebizitzetatik hur dagoanak, antzokiaren zerbitzu osogarrietarako eremua hartuko dau. Antzerkiaren kanpoko profila, beraz, gaur egungoa baino txikiagoa izango da, bai erantsitako teilapea botatearen ondorioz, bai etxebizitzetatik hur dagoan nabearen altuerea murriztearen ondorioz, teilatua lau eta altuera txikiagokoa izango baita.
Pabilioi 6 eta Konpainia Gaztea
Pabilioi 6 izenpean arte eszenikoen, jantzearen eta antzerkiaren mundura atxikitako sortzaileak agertzen dira sustatzaile, sinergiak bultzatzeko eta autogestino ariketa bat egiteko asmoz, esperientzia barritzaile bat sortuz: sortzaileak eurak izatea euren lanen zabalkundea zuzentzen dabenak, proiektuaren ikusle-bazkide dan publikoaren konplizidadea bilatuz.
Arte eszenikoen inguruko hamahiru begiradek bultzatu eben proiektua: Ander Lipus, Blanca Arrieta, Borja Ruiz, Irene Bau, Jose Urrejola, Jose Ibarrola, José Montero, Matxalen Bilbao, Nagore Navarro, Nuria M. Cres, Pako Revueltas, Patxo Telleria eta Ramón Barea. Aurrerago beste 200 bazkide batu ziran.
Pabilioi 6k dauen antzerki-lanari eutsiz, Konpainia Gaztearen lehen promozinoa egin zan 2015. urtean. Arte eszenikoen proiektu aitzindari hori Pabilioi 6ko Antzerki Laborategiaren ekimenez sortu zan eta Bilboko Udalaren eta Lanbideren arteko 2015eko Enplegu Planaren esparruan sustatutako kontratazinorako laguntzak jaso zituan.
Proiektuak aurrera egin dau antzezle eta zuzendaritza artistikoko zerrenda potoloagaz.
Horrenbestez, Pabilioi 6ko Konpainia Gazteak plataforma bat sortu gura dau arte eszenikoetan trebatutako gazteei lehen esperientzia profesionala emoteko, sektorean esperientzia handiko taldeen eskutik sektoreagaz lehenengo hartu-emonak izateko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!