Gabriel Arestiren poesia sozialaren antologia plazaratu dau Visor argitaletxeak
2021-03-25 13:19 KultureaJon Kortazar katedradunak idatzi dau El ciclo de la tierra.
Gabriel Aresti idazle bilbotarraren obrea Euskal Herritik kanpo ezagutzeko aurrerapausua da Madrilgo Visor argitaletxeak dakarren liburua, El ciclo de la piedra, gaztelaniara egokitutako antologia. Arestiren hiru liburu ospetsutan oinarritutako 190 orrialdeko lana da, 1960ko hamarkadan euskal literaturan egondako barrikuntzak ezagutzeko aproposa.
Harri eta Herri (1964), Euskal Harria (1967) eta Harrizko Herri Hau dira antologiaren oinarrian dagozan hiru liburuak. Bertako testuetan, Arestik poesia soziala landu eban, eta antologiarako aukeratutako txatalen bidez, jokera horrek idazlearen obran izandako bilakaerea eta euskal literaturan eragindako aldaketak nabarmenak dira. 1960ko urteetako euskerazko idazleen artean barritzaileenetako bat izan zan Aresti, eta, beraz, haren obrea aztertzea euskal literatura osoaren kapitulu bat ezagutzearen parekoa da ia.
EHUko Euskal Literaturako katedradun Jon Kortazarrek egin dau El ciclo de la piedra. Gabriel Arestiren obrearen aditurik handienetako bat da Kortazar, idazle bilbotarraren inguruko hainbat azterlan eta bildumaren egilea. Visor argitaletxea, bere aldetik, gaztelaniazko irakurleakana Arestiren lana hurreratzeko bitarteko bikaina da, liburua Espainiako liburudendetan salduko dalako.
Sasoi baten, batxilergoko ikasle espainiarrek Gabriel Aresti nor izan zan ikasteko modua euken, Anaya argitaletxearen Literatura española eskuliburuetan agertzen zalako. Ondoren, Arestiren aitamenak desagertu egin ziran ikasleentzako liburuetatik, baina Visorren argitalpenak barriro emongo deutso zabalkundea.
Visor argitaletxeko editore Mario Muchnick-ek garbi esan dau argitaratzea zabalkundea egitea dala. Argitaratuz eta zabalduz, Gabriel Aresti ezaguna ez dan lekuetan ezagutzeko aukerak emongo doguz. Liburu barria, Gabriel Arestiren poesia zuzen, lau, landu eta ausartaren etxera bueltetako proposamena dala dino EHUk.
1960ko hamarkadan, Gabriel Arestiren obreak arlo ugaritan izan eban eragina, antologian Kortazarrek kontetan dauenez. Besteak beste, euskerea erabilteko moduetan izan zan barritzailea, orduan nagusi zan hizkera garbizalea alboratuz. Euskara klaroa aldarrikatu eban, herri literaturan eta bertsolaritzan oinarrituta, baina idazle klasikoak be eredutzat hartuz.
Alderdi estetikoan, poesia sozialaren alde egin eban, diktadura sasoiko beste idazle batzuek egin eben lez, Blas de Oterok adibidez. Zentsureagaz be gorabeherak izan zituan. Dana dala, antologiaren oinarrian dagozan hiru liburuetako bakotxean ezaugarri diferenteak topauko doguz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!