Bilboko dendak zurigorriz jantzi dira

Bizkaie! 2021-03-25 10:37   Kirola

Apirileko finalen atxakian, erakusleihoen lehiaketea antolatu dabe merkatariek.

Apirilean Espainiako Kopako final bi jokatuko ditu Athletic Clubek, Realaren eta Bartzelonaren kontra, hurranez hurran. Uriko bazter guztiak girotzeko eta Athletici animoak emoteko, Bilbao Dendak merkatari alkarteak Bizi Ametsa erakusleihoen lehiaketea antolatu dau. Horregaitik, saltokiak zurigorriz jazten hasi dira, zein baino zein dotoreago. Pandemia dala eta, finalak publiko barik jokatuko dira, hortaz, etxean bizi beharreko partiduei kolorea emongo deutse lehiaketeak.

Erronka moduan aurkeztu dau Bilbao Dendakek ekimen barri hau, denda bakotxak bere sormena eta argitasuna erakusteko aukeratzat. Martiaren 26ra arteko epea dabe merkatariek euren erakusleihoa Athleticegaz lotutako apaingarriz beteteko. Parte hartzeko baldintza bakarra Bilbao Dendakeko bazkide izatea da. Izena emoten dabenei Bizi Ametsa bereizgarria eta Tomas Ondarraren ilustrazinoa emongo deutse antolatzaileek. 

Apirilaren 2tik 12ra bitartean, herritarrek gustokoen daben erakusleihoaren aldeko botoa emon ahal izango dabe, Bilbao Dendaken webgunearen bidez. Herritarren eretxiaren osogarri, epaimahai teknikoan egongo dira Athleticen ordezkari historiko bi, Manolo Delgado prestatzaile fisiko ohia eta Andoni Goikoetxea jokalari ohia. Originaltasuna ez eze, erespide komertzial eta estetikoak erabiliko ditue irabazlea aukeratzeko. 

Hiru sari nagusi emongo ditue Bizi Ametsa lehiaketan, eta beste hamabi auzorik auzoko kategorietan. Apirilaren 14an emongo dabe irabazleen barri. Lehenengo sarituak sarrera bikotxa San Mameseko BAT eraztunerako eta estadioko jatetxean birentzako bazkaria eskuratuko ditu; bigarrenak BAT eraztunerako sarrera bikotxa eta zelaira bisita gidatua; hirugarrenak, sarrera bikotxa. 

Botoa emoten daben herritarren artean be sariak emongo ditue zozketan, esate baterako, BAT eraztunerako sarrera bikotxak. Gaur egun San Mameseko partiduak publiko barik jokatzen diranez, denda irabazleentzako eta botoa emon daben herritarrentzako sarrerak ikusleak zelaira bueltetan diranean erabilteko izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu