Elkanoren euskal espedizinokideen inguruko liburua kalean
2021-03-25 08:38 KultureaBermeoko Arrantzaleen Museoko Akurio eta Elkano 1519-1522 erakusketeagaz lotutako argitalpena da.
Fernando Magallaes buru, munduaren beste partera espedizinoa hasi eben hainbat ontzik 1519an, eta Juan Sebastian Elkano getariarraren gidaritzapean, 1522an bueltau ziran etxera, munduari egindako lehenengo biran. Abentura haretan euskaldun askok hartu eben parte, tartean bermeotar batzuek, eta, 500. urteurrena gogoan, erakusketa handi bat eta jarduera ugari antolatu ditue Arrantzaleen Museoan. Horren osogarri, Akurio eta Elkano: 500 urte geroago liburua argitaratu dabe orain.
Munduko lehenengo biran ibili ziran euskaldunen bizipenak batzea izan da liburuaren helburu nagusia, Elkano kapitaina eta Juan de Akurio kontramaisu bermeotarra ardatz dirala. Testu zein irudiz hornidutako argitalpenean, datu biografikoak eta historikoak jorratu ditue, baita itsasgizon hareen baldintzak, motibazinoak eta gogoetak be. Azken baten, Bizkaiko marinelen memoria berreskuratzeko ahalegina da.
Xabier Armendariz esploratzaile, nabigatzaile eta itsas-dokumentalisteak idatzi dau liburua, eta Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratu. Bermeon bertan egindako aurkezpenean, Xabier Armendariz, Bizkaiko Foru Aldundiko Begoña de Ibarra eta Arrantzaleen Museoko Aingeru Astui egon dira.
Moluka ugarteetara heltzea eta hango aberastasunak Espainiako Inperioaren mesedetan erabilteko pausua egitea zan Magallaesen espedizinoaren hasikerako helburua. Heldu ziran, bai, Moluketara, baina aurretik makina bat pasadizo bizi izan zituen, besteak beste, matxinadak, gatazkak jatorrizko herriakaz, hondoratzeak, gosea... Ozeano Atlantikotik Barera pasetako itsasartea topau eben.
Filipinar ugarteetako biztanleakaz izandako burruketako baten hil eben Magallaes. Espedizinoaren gidaritzea hartu eban Elkanok, baina, ordurako, txikituta egozan euren baliabideak, ontzi zein gizon kopuruari jagokonez. Zelan edo halan, ontzi bakarragaz, Espainiara itzultzea lortu eben Elkanok eta beste kide batzuek, Indikotik eta Atlantikotik. Espeziak eroan zituen Europara, bai, baina munduari lehenengo birea emoteagaitik pasau ziran historiara.
Espedizinoan parte hartu eben ehundazak lagunen artean, Euskal Herriko 33 egon ziran: 7 Bermeokoak ziran, eta beste 14 Bizkaiko beste leku batzuetakoak, Lekeitio, Bilbo, Portugalete eta Mungiakoak tartean. Magallaes eta Elkanoren helburuak beteteko ezinbestekoak izan ziran bizkaitarrak, eta sarri ezkutuan geratu dan ekarpen hori agirian jarteko asmoz dator Akurio eta Elkano 500 urte geroago liburua.
Bermeoko Arrantzaleen Museoan ikusgai dago Akurio eta Elkano: Bizkaitarrak Lehen Mundu Biran izeneko erakusketea, espedizinoaren bosgarren mendeurrena gogoratzeko jarduera nagusia, Xabier Armendariz bera komisario dala. Erakusketea oinarri, berbaldi zikloa be egin dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!