Amorebieta-Etxanoko baserrien argazkiak liburu baten batu ditue

Bizkaie! 2021-03-24 12:37   Kulturea

507 baserriren irudiak dakarz argitalpenak.

Amorebieta-Etxanoko udalerri zabalak gordeten dauen altxor kultural eta arkitektonikoa herritarren eskura jarri dau Sociedad Artístico Cultural Zornoza alkarteak. Udalaren laguntzinoagaz, Amorebieta-Etxanoko baserriak izeneko liburua kalean da, oraingoz PDF formatuan, eta apirilean papelean be bai. Udalerriko auzo eta bazter guztietatik ibili dira egileak, baserrien argazkiak egin eta, datu batzuk gehituta, katalogo erako argitalpena osotzeko.

Liburuak 507 baserriren argazkiak dakarz, lau eremu nagusitan banatuta: Zornotza (199), Etxano(67), Euba (153) eta Boroa (88). Kasu askotan, aspaldiko irudiak dira, baserriak barriztau aurrekoak. Atzerabegirako lantzat aurkeztu dabe, argazki bakotxak landa eremuaren inguruko gomutak eta istorioak dakarzalako gogora. Kontuan izan behar da, argazkietan dotore-dotore agiri diran baserri batzuk desagertuta dagozala gaur egun, edo bertan behera itxita. 

Argazkien lagungarri idatzitako testuetan, baserri bakotxaren informazinoa batu dabe, esate baterako, izena, gaur egun bertan nor bizi dan... Auzune bakotxaren bilakaerea be kontetan da, eta, horrenbeste baserriren artean bilaketak errazteko, aurkibidea be bai. Patxi Gonzalez Sema, Mikel Gerrikabeitia Polo, Bixenti Larruzea Mezo eta Jose Luis Iturrieta ibili dira testuak idazten.

Amorebieta-Etxanoko baserriak liburua sortu eta argitaratzeko bidea ez da erraza izan, urte askotako lan boluntarioaren emoitzea dalako. 1980ko hamarkadan hasi ziran Sociedad Artístico Cultural Zornozaren inguruko kide batzuk argazkiak egiten eta datuak batzen, eta urteak behar izan zituen 507 baserrien zerrendea osotzeko. Txindurri lanaren parekoa izan zala esan leiteke. Pedro Juan Arana, Adolfo Crespo, Andrés Rodriguez, Javier Zabala eta Txomin Goienetxe ibili ziran zeregin horretan, besteak beste.

Argazkien DVDak izandako harrera ona ikusita, herritarren eskariz erabagi dabe liburua argitaratzea. PDF formatuan deskargau leiteke dagoeneko, hemen. Papelezko formatua apirilaren 12an egongo da eskuragarri, 20 euroan. Ale bat nahi dauenak helbidera baserriak.sacz@gmail.com idatzi leike. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu