Euskal eta quebectar zinema ziklo trukaketea

Bizkaie! 2021-03-24 12:14   Kulturea

Aitatu zikloagaz ekingo jako Saison Québec – Pays Basque egitasmoari.

Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburuak; Isabelle Dessureault, Quebeceko Iberiar Peninsularako ordezkariak; Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak eta Joxean Fernandez, Euskadiko Filmategiko zuzendariak Saison Québec – Pays Basque, Quebeceko eta Euskadiko urri nagusietan 2021. eta 2022. urteetan zehar egingo dan programa kultural eta artistikoa, aurkeztu dabe gaur Donostiako Tabakaleran. Joan-etorriko egitasmo honen helburua da euskal kultura eta sorkuntza garaikideari Quebecen leiho bat edegitea eta, era berean, Quebeceko sortzaileen lana Euskadin erakustea, hizkuntza, kultura eta artearen bidez herrialde bien arteko hartu-emonak estutzeko.

Egitasmo honek Scotland Goes Basque programearen lekukoa hartu behar eban 2020an, baina azkenean 2021 eta 2022 urteen artean gauzatuko da. Covid-19ak eragindako egoereak proiektua atzeratu dauen arren, Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larrazak egitasmoa aurrera eroateko alde biek erakutsitako borondatea azpimarratu eta konpromisioari eutsi deutsela adierazo dau.

Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuaren eretxiz, Saison Québec – Pays Basque programeari esker, euskal kulturea ikusgai egongo da Quebecen, eta gure herria eta kulturea, herrialde sortzaile legez erakusteko aukerea izango dogu. Era berean, euskal eta quebectar kultur eragileen arteko hartu-emonak eta ezagutza estutzeko balioko deusku, programearen barruan egingo diran ekimenak alkarlan proiektuak baitira.

Ekimenak, kultura, sorkuntza garaikidea eta hizkuntzea ardatz hartuta, diziplina anitzeko eskaintza zabala aurreikusten dau, euskal kulturea eta sorkuntzearen aberastasuna ezagutzeko aukerea izango dau Quebeceko publikoak eta Quebeceko sorkuntzaz gozetako aukerea izango dau euskal publikoak. Era berean, kultur eragileen arteko lankidetzea, eta artista, sortzaile eta kultur industrien hartu-emonak sustatuko dira.

Etxepare Euskal Institutuak sustatutako proiektuak gauzatzeko alkarlanean dabizen eragileen artean dagoz EIZIE, Mintzola, Bertsozale Alkartea, Azkuna Zentroa, Euskal PEN Kluba, Euskal Kultur Erakundea (EKE), Jantzagunea, Jantzaz Konpainia, Tabakalera, Euskadiko Filmategia, Musikagileak, Bitamine Faktoria, baita Quebeceko jaialdi eta erakusleihoetan ibiliko diran sortzaile eta konpainiak.

Quebeceko ordezkaritzeari jagokonez, Nazinoarteko Hartu-emonetarako eta Frankofoniarako Ministerioa, Kultura eta Komunikazino Ministerioa eta Conseil des Arts et des Lettres du Québec (CALQ) dagoz.

Quebeceko zinema zikloa Euskadiko Filmategian

Saison Québec – Pays Basque egitasmoaren lehenengo mugarria Euskadiko Filmategiak, Cinémathèque Québécoisen babesari esker atondutako Quebeceko zinema zikloa izango da. Ziklo honek hiru hile beteko ditu Euskadiko Filmategiaren programazinoan eta produkzino garaikidea dau ardatz. Pour la suite du monde (Pierre Perrault, Michel Brault, 1963) Quebeceko zinema modernoaren oinarri dan filmagaz hasiko da zikloa. Bigarren saioan, Anne Claire Poirier errealizadorearen De mère en fille (1968) eskainiko dabe, Quebecen film luze bat zuzendu eban lehen emakumea, hain zuzen be.

Zikloa apirilaren 1ean hasiko da Tabakaleran (Donostia) eta ondorengo hitzorduak dira apirilaren 3an Bilboko Arte Eder Museoan eta bagilaren 24an eta 26an amaituko da. Sarrerak aitatu egoitzetako leihatiletan edota www.sarrerak.tabakalera.eus eta www.museobilbao.com webguneetan. Film guztiak jatorrizko bersinoan eskainiko ditue, gaztelaniazko edota euskerazko azpitituluakaz.

Zinema ziklo honek bueltako bidaia izango dau, irailean, osasun egoereak ixten badau, Cinémathèque Québécoisen egingo dan euskal zinema zikloari esker. Tasio (1984), Montxo Armendariz; Vacas (1992), Julio Médem; Ander (2009), Roberto Castón; Amama (2015), Asier Altuna; Un otoño sin Berlín (2015), Lara Izagirre; Irrintziaren oihartzunak (2016), Iratxe Fresneda; Handia (2017), Jon Garaño eta Aitor Arregi; Dantza (2018), Telmo Esnal; Oreina (2018), Koldo Almandoz; Black is Beltza (2018), Fermin Muguruza; Hil Kanpaiak (2020), Imanol Rayo; eta Erlauntza (2020), Mireia Gabilondo, filmak eskainiko dira.

Saison Québec – Pays Basque

Egitasmoak 2017. urtean, Iñigo Urkullu lehendakariak Quebecera egindako bidaia instituzionalean, hango Lehen Ministro zan Philippe Couillardegaz sinatutako Memorandumean dau jatorria, izan be, Quebec, Euskadiren nazinoartekotzeko estrategian lehentasunezko bazkidea baita, besteak beste, Euskadigaz, aniztasun kultural eta linguistikoaren babesa, barrikuntzearen aldeko apustua eta ingurumenagaz eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko konpromisoa konpartiduten dituelako.

Etxepare Euskal Institutuko ordezkariak hiru aldiz egon dira Quebecen egitasmoa jorratzeko eta 2019ko garagarrilean Euskadi-Québec kultur topaketa profesionalak egin zituen Gasteiz, Bilbo eta Donostian herrialde bien arteko kultur trukaketak sustatu eta kultur erakusleihoak eratzeko helburuagaz. Hori izan zan Saison Québec – Pays Basque antolatzeko lehen urratsa. Era berean, Lehendakaritzeak eta Quebeceko Kultura eta Komunikazino Ministerioak dirulaguntza deialdiak atara ditue egitasmoaren inguruko kultur jarduerak laguntzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu