Kultura eta aisialdiko jardueraz betetako udabarria Bilbon

Bizkaie! 2021-03-23 13:53   Kulturea

Udalak #Bilbaoudaberria2021 programea aurkeztu dau.

Neguko iluntasuna amaituta, udabarrirako prest dator Bilboko kultura eta aisialdiko agendea, #Bilbaoudaberria2021 izenburupean. Uriko auzo guztietara helduko diran makina bat jarduera antolatuko ditue, esate baterako, antzerkia, musikea, erakusketak eta literaturea. Gehienak dobakoak izango dira.

Pandemiak baldintzatutako sasoi honetan, Bilboko Udalak bertoko sortzaile eta eragileen alboan egotea aukeratu dau, eta, horregaitik, urtaro bakotxean egitarau potoloa atontzen dau, danetariko jardueraz betea. Kulturearen eta aisialdiaren arloko ohiko hitzordu batzuk, ganera, egitarauaren barruan sartzen ditu Udalak, herritarrei eskaintzearen osotasuna erakusteko asmoz. 

Segurtasun eta osasun neurri guztiak kontuan izanda, beraz, planez betetako udabarria agindu deutse Udalak bilbotarrei eta bisitariei. Apirileko lehenengo hamaika egunetarako, Aste Santuagaz eta Pazko Asteagaz bat eginez, jarduera piloa iragarri ditue, esate baterako, musikea eta antzerkia familia guztiarentzat, Campos Antzokian eta Arriaga plazan.

Antzezleen artean, Marie de Jongh, Atx Teatro, Gorakada... egongo dira Camposeko oholtzan, ordainpeko saioetan. Musikarien artean, Olatz Salvador apirilaren 6an helduko da antzokira. Arriaga plazan, Bilboko Txistulariak, Ez da kasualitatea bertso saioa, txalapartea, Mulixka jantza taldea eta Urbasa ikuskizun musikal-akrobatikoa izango ditu publikoak aukeran. 

Ingelesen Landako aire zabaleko agertokia, ostera, dobako kontzertuen gunea izango da: apirilaren 1etik 5era egunero kontzertu bat egongo da, Erabatera, Nogen, Sua, Xabi Aburruzaga eta Bulego Taldeagaz, hurranez hurran. Azkuna Zentroan, ostera, Bilbao Aurrera planaren bidez bultzatutako ikus-entzunezkoak ikusi ahal izango dira, hilaren 7an eta 8an. 

Apirileko lehenengo egunetako eskaintza zabalaren ostean be, bagilera arte egongo da zegaz gozau Bilbon. Udalak aurreratu dauenez, laster datoz FANT zinemaldia, Zirkualde jaialdia, Poltsiko Musika zikloa, Magia Topaketak, BLV-ART azokea eta Expodistrito erakusketea.

Era berean, aurten maiatzeko ohiko datetara bueltauko dira Udabarriko Bertso Saioak, igaz urrira atzeratu behar izan zituen eta. Betiko lez, bertsolaririk onenek Santutxuko Karmelo plazan kantauko dabe zapatuetan, auzo haretako bertso eskolea antolatzaile dala. Dagoeneko 37 edizino bete ditu ekimenak. 

#Bilbaoudaberria2021 programazino osoa eta argibide gehiago hemen

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu