Musika Banden Euskal Federazinoa sortu dabe

Bizkaie! 2021-03-23 08:29   Musikea

Bandek kulturgintzan egiten daben lana agirian jartea da helburua.

Donostian aurkeztu dabe erakunde barria (argazkia: Musika Banden Euskal Federazinoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Herrian musika banden panoramea aberatsa dala adierazo dabe Musika Banden Euskal Federazinoaren bultzatzaileek, baina, orain arte, ez dabe izan danen ahalegina batzeko eta gizarteratzeko erakunderik. Horregaitik, euskal banden idea, esperientzia eta proiektuak  konpartiduteko plataformatzat aurkeztu dabe Federazinoa. 

Gure herrien soinu-ondarean ezinbesteko erreferente dira musika bandak. Federazino barriak ondare hori babestu eta zabalduko dau, lan guztiori agirian jarrita. Banden ekarpen soziala, kulturala, pedagogikoa eta artistikoa azpimarratzea be bada asmoa. 

Aritz Labrador da Musika Banden Euskal Federazinoko lehendakaria. Pandemiaren eraginez larriago bihurtu dan egoerea desblokeau eta bitartekari lana egiteaz gan, herri kultureak gure gizartearen egunerokotasunean dauen garrantzia  azpimarratzea da euren helburua, Labradorren arabera. José R. Pascual Vilaplana, Bilboko Udal Musika Bandako zuzendari titularrak, halako erakunde baten beharra nabarmendu dau: Guztiz  eraginkorra izan daiteke banden jarduerea zabaltzeko, sustatzeko eta duintasuna emoteko.

Euskal Autonomia Erkidegoko bandentzat da Federazinoa. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, gaur egun, edade guztietako 3.000 lagun baino gehiago dabiz musika bandetan, eta, 2019an, 600 kontzertu inguru jo zituen. Horrek miloe bat euro inguruko zeharkako eragin ekonomikoa sortu ei eban. 

Momentu honetan 46 kide ditu Musika Banden Euskal Federazinoak. Besteak beste, Zornotza, Bilbo, Bergara, Labastida, Santurtzi, Laudio, Mutriku, Zumarraga, Areatza, Getxo eta Hernaniko bandak dagoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu