Gure Zirkuak Errenterian ekingo deutso 2021eko bireari

Bizkaie! 2021-03-22 13:00   Kulturea

Datozen hileotan Euskal Herri osoan ibiliko da Iker Galartzaren Gure Zirkua.

Lehen hiru biretan 100.000 ikusle erakarri ondoren, Gure Zirkua prest da laugarren urteari ekiteko; oraindino be pandemiak baldintzatuta, igaz urratutako bidetik zirkuaren magia zabaltzeko gogo betez. Covid-19 birusaren eraginez Gure Zirkuak erabat moldatu behar izan zituan igaz aurreikusitako ibilbideak eta helburuak eta, ondorioz, 2020an bete ezin izandako helburu eta konpromisoei helduko deutsee taldeak 2021ean.

Batetik, Euskal Herri osora heltzeko asmoa dau aurten Gure Zirkuak. Pandemia tarteko, zirku ibiltaria ez zan igaz hain ibiltari izan eta karpea ez zan ikusi Gipuzkoako mugetatik kanpo. Asko izan ziran ikuskizunaz gozau barik geratu ziranak eta, beraz, taldea sekula baino lehenago hasiko da aurten saioak eskaintzen, urtean zehar Euskal Herriko ahalik eta txoko gehienetara heltzeko asmoz.

Bestetik, osasun agintariek ezarritako segurtasun eta garbiketa-neurriak beteteko helburuz, Gure Zirkuak beste karpa bat erabiliko dau aurten: lehen urteetan erabilitakoa, hain zuzen, lehenengo harek eskaintzen eban goxotasuna galdu barik, baina 1,5 metroko gitxieneko distantzia fisikoa errespetetea ahalbidetuko dauena.

Kontuak kontu, Gure Zirkuak ilusino handiz iragarri nahi ditu 2021eko birako lehen 13 saioak, Errennteriako Agustinetako auzoan eskainiko dituanak:

- Apirilaren 8an, eguenean, 16:30ean eta 19:00etan.
- Apirilaren 9an, 16:30ean eta 19:00etan.
- Apirilaren 10ean, 16:30ean eta 19:00etan.
- Apirilaren 11an, 16:30ean eta 19:00etan.
- Apirilaren 16an, 19:00etan.
- Apirilaren 17an, 16:30ean eta 19:00etan.
- Apirilaren 18an, 16:30ean eta 19:00etan.

Lehen 13 saioetarako sarrerak salgai dagoz hemen.

Errenteriako Udalagaz alkarlanean, herriko ikastetxeetako ikasleek Gure Zirkua bisitetako aukerea izango dabe eskolako jarduera legez apirilaren 12ko astean, zirkuaren atzean dagoan lana eta erantzukizuna ezagutu ahal izateko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu