Arrazakeriaren kontrako kontakizunen liburu digitala aurkeztu dabe

Bizkaie! 2021-03-22 10:18   Kulturea

Gazteek idatzitako 30 ipuin dakarz argitalpenak.

Liburu digitalaren aurkezpena (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Arrazakeriaren Kontrako Nazinoarteko Egunaren harira (martiaren 21ean izan zan), Pentsatzeko ipuinak saileko hirugarren liburua aurkeztu dau Fair Saturday Fundazinoak. Izen bereko lehiaketan, 400 gazte baino gehiagok idatzi zituen ipuinak, arrazakeria gai nagusi zala, eta 30 onenak aukeratu ditue antolatzaileek argitalpen honetarako. 

Lehiaketea Bilboko Udalaren, Seguros Bilbao etxearen eta Athletic Club Fundazinoaren lankidetzeari esker antolatu eban Fair Saturdayk. Helburua izan zan sormena eta kritikotasuna biztutea Bizkaiko gazteen artean, baita erronka sozialen inguruan gogoetea egitea be.

Edizino honetan arrazakeria izan dabe gazteek gogoetarako gaia. Euren kontakizunen bidez, arraza-bazterkeria salatu, kontzientzia sortzen lagundu eta konponbideak proponidu ditue. 24 ikastetxek egin dabe bat ekimenagaz, eta 8 eta 23 urte bitarteko 400 gazte baino gehiago ibili dira idazten. Barakaldoko Minas BHI ikastetxeak izan dau parte-hartzerik handiena. 

Pentsatzeko ipuinak saileko argitalpen hau digitala da, ekimen honen barruan lehenengo aldiz. Berau aurkezteko ekitaldian izan dira, Bilboko udaletxean, antolatzaile eta laguntzaileen ordezkariak: Itziar Urtasun Lankidetza eta Bizikidetzako zinegotzia, Itxaso Erroteta Gazteria eta Kirol zinegotzia, Itziar Rubio Fair Saturday Fundazinoko operazinoetako zuzendaria, José Manuel Ereño Seguros Bilbaoko zuzendari komertziala, Galder Reguera Athletic Fundazinoko proiektuko arduraduna, eta Idoia Herbas Minas BHIko zuzendaria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu