167.000 mailegu eta 20.000 erabiltzaile barri

Bizkaie! 2021-03-22 07:49   Kulturea

eLiburutegiaren errekor markak 2020an. 

Euskadiko liburutegi digitalak eLiburutegiak 20.149 erabiltzaile barri erregistrau zituan igaz eta guztira 60.181 ditu. Inozko urterik oparoena izan zan 2020. urtea eLiburutegian. Martian inozko erabiltzaile barri gehien erregistrau zan, 6.773, danetara. Apirila izan zan 2020ko bigarren hilerik onena 3.864 erabiltzaile barrigaz. Konfinamentua amaitu eta behera egin eban erabiltzaile barri kopuruak baina halan da be hilean-hilean nabarmena izan da herritarren interesa. Hileko mailegu-kopuruari jagokonez, apirilean egin ziran mailegu gehien, 27.704 (erregistrorik onena eLiburutegia sortu zanetik), gero martian (18.438) eta, ondoren, maiatzean (17.924 mailegu).

2020. urtean, eLiburutegiak nabarmen gainditu zituan aurreko urteetako datuak, bai mailegu kopuruan, baita erabiltzaile kopuruan be. Horretan zuzeneko eragina izan eban igazko konfinamentuaren hasieran Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak erabiltzaile izateko izapidea errazteko erabagia hartu izanak. Eskaeren kopuruak nabarmen egin eban gora eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko Udal Liburutegietako langileen laguntza beharrezkoa izan zan lan guztia modurik egoki eta azkarrenean bideratzeko.

2020an ondokak izan ziran gehien irakurritako bost liburuak (edozein hizkuntzatan): Aitaren Etxea Karmele Jaiorena, La cara norte del corazón Dolores Redondo-rena, El Enigma de la habitación 622 Joël Dicker-ena, Loba Negra Juan Gómez-Jurado-rena, Reina Roja Juan Gómez-Jurado-rena.

Hizkuntzearen arabera, honako honeek izan ziran euskeraz gehien mailegatutako liburuak:

· Aitaren Etxea, Karmele Jaio.

· Miñan, Amets Arzallus eta Ibrahima Balde.

· Amaren Eskuak, Karmele Jaio.

· Ezekiel, Jasone Osoro.

· Larunbatean Bukowskin, John Andueza

Gaztelaniazko liburuen artean, barriz, honakok izan ziran 2020an gehien mailegatutako liburuak:

· La cara norte del corazón Dolores Redondo.

· El Enigma de la habitación 622, Joël Dicker.

· Loba Negra Juan Gómez-Jurado.

· Reina Roja Juan Gómez-Jurado.

· La nena, Carmen Mola.

eLiburutegiak gaur egun 15.000 film inguru ikusteko aukerea be eskaintzen dau. Igaz, 2020an 37.928 film ikusi ziran. Generoari jagokonez dramak izan ziran ikusienak eta ondoren umorezko ikus-entzunezkoak. Filmerik ikusienak honako honeek izan ziran:

· The Party.

· El orden divino.

· Muchos hijos, un mono y un castillo.

· El principito.

· Bi anai.

 eLiburutegia

Liburutegi digitalak, eLiburutegiak, gaur egun 21.930 liburu batzen ditu. Horrezaz gan 13.000 film eta 670 audioliburu be batzen ditu.

eLiburutegia proiektua 2014ko zemendian sortu zan, egilearen eskubideak errespetauko dituan eduki digitalen konsumo antolatua eskaintzeko helburuari eutsiz. Liburutegi digital hau erabili ahal izateko, erabiltzaileak Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen (EIPS) liburutegi publiko batean altea emonda egon behar dau, izan be, liburutegi-txartelaren bitartez, persona horrek erabiltzaile-izena eta sarbide-pasaberbea lortzen ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu