XI. Antonio Beristain Sarien deialdia egin dabe

Bizkaie! 2021-03-18 11:32   Kulturea

Biktimologiaren arloko ikerkuntzea bultzatzeko da helburua.

Antonio Beristain (argazkia: EHU) | Ikusi handiago | Argazki originala

EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuaren Antonio Beristain Katedreak eta Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak XI. Antonio Beristain Sarietarako deialdia zabaldu dabe. Biktimologiaren alorreko ikerketan dabizanentzako sariketearen bidez, disziplina horri lotutako ezagutzak ulertzen eta hobetzen lagunduko dauen lan zientifikorik onena sarituko dabe. Biktimologiako ikerketak gazteen artean sustatzeko bidetzat dabe antolatzaileek ekimen hau. 

Batetik, biktimologian dabizan 35 urtetik beherako ikertzaileek hartu leikie parte. Aurtengo edizinoan, arreta berezia emongo deutse terrorismoaren biktimen gaiari. Bestetik, deialdira aurkeztu leitekez zientzia biktimologikoaren arloko Master, Gradu, Graduondo edo Berezko Titulu amaierako lanak, bikain notea eskuratu badabe. Azken moltso honetakoentzat ez dago edadeari jagokon mugarik.

2021eko urriaren 15era bitartean aurkeztu leitekez lanak. Irabazleari 2.400 euro emongo deutsez. Saria Kriminologiaren Euskal Institutuaren ikasturte hasierako ekitaldian emongo da. Oinarriak hemen.

Sariketa honen beste helburu bat Antonio Beristain doktorea (1924-2009) omentzea eta haren ekarpena gogoratzea da. Zigor Zuzenbideko Katedradun eta Kriminologiaren Euskal Institutuaren sortzailea, doktorea eta irakaslea izan zan Beristain.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu