2021eko Basque Team Bekak eskatzeko epea zabalik

Bizkaie! 2021-03-18 10:22   Kirola

Goi mailako kirolariek eta teknikariek eskatu leikiez laguntzinoak.

Iñigo Llopis ugerlariak Tokioko Joko Paralinpikoetan parte hartuko dau (argazkia: Basque Team) | Ikusi handiago | Argazki originala

Basque Team Fundazinoak 2021eko bekak eskatzeko deialdia edegi dau, eta hilebetez egongo da zabalik (informazino gehiago hemen). Goi mailako euskal kirolariei babesa emon eta elitean lehiatu daitezan baliabideak emotea da fundazinoaren helburua. Aurtengoa, ganera, urte olinpikoa eta paralinpikoa danez, Tokiora joango diranak kontuan izango ditue, baita igazko Joko Olinpiko eta Paralinpikoak atzeratu izanaren ondorioak be.

Eliteko kirol guztiak bultzatzeko asmoa dagoan arren, beken bidez, batez be, kirolari ez-profesionalak babesten ditu Basque Teamek. Era horretara, goi mailako kirolak eskatzen dituan baldintza bereziak beteteko eta gastu gehigarriak pagetako erraztasunak lortu leikiez. Laguntzino ekonomikoa ez eze, zerbitzu osogarriak be aurreikusten ditu fundazinoak beken onuradunentzat: zerbitzu medikoak, prestakuntzea, aholkularitzea, komunikazinoa...

Bekearen onuradun izateak urte osoko kirol jardunari eusteko konpromisoa betetea dakar, eta Basque Team programako kide diran kirolariek joko garbiaren zein bardintasunaren aldeko eta dopinaren kontrako arauak aintzat hartu beharko ditue.

Eskabidea egiteko orduan, kirol emoitzak batzen dituan txostena eta urteko plangintzea aurkeztu behar ditue kirolariek. Bekadunak aukeratzeko erespideen artean dagoz 2020ko emoitzak eta Joko Olinpiko eta Paralinpikoei lotutako markak. 

Basque Teamek gogora ekarri dauenez, kirolariek ez eze, teknikari espezializaduek be eskatu leikiez bekak. Horretarako, fundazinoak babesten dauen kirolen baten egin behar dabe lan, beste baldintza batzuen artean.

Kirolari askoren beharretara egokitu ahal izateko, beka diferenteak dagoz kasuaren arabera:

- Basque Team Kirolariak: Entreneteari eta lehiatzeari lehentasuna emon ahal izateko babesa. Kirolari olinpiko zein paralinpikoek eskatu leikiez.

- Basque Team Teknikariak: Fundazinoaren babespeko kirolari baten prestakuntzan dabizanei laguntzeko.

- Atzeraeraginezko Basque Team Bekak: 2020an bekea izan baina behar dan moduan lehiatu ezin izan ziranentzat. 

- Basque Team Support: Aurreko modalidadeetan sartu ez diranentzat, Joko Olinpiko edo Paralinpikoetan zein Munduko Txapelketetan parte hartuko badabe. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu