Gazteen sormena, birusari aurre egiteko

Bizkaie! 2021-03-17 10:29   Pil-pilean

Bideo laburrak izango dira Covid Off kanpainearen ardatza.

Ikasleak Covid Off kanpainea lantzen (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta EITBk Covid Off izeneko kanpainea jarri dabe martxan, gazteek Covid19-ari aurre egiteko neurriak modu ludiko eta sortzaile batez landu deiezen. Martian, apirilean eta maiatzean egongo da martxan ekimena, eta epe horretan bideo laburrak grabau eta bialtzeko eskatu deutse ikasleei, ondoren EITBren plataformen bidez zabaltzeko.

Maila guztietako ikasleei zuzendutako kanpainea da, hau da, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zein Batxilergoko gazteek bialdu leikiez bideoak. Ikastetxeen bidez antolatuko da parte-hartzea. Ikasleak ikastetxeko partaide aktibo sentidu behar dira, eta parte diran hezkuntza-sistemako erantzunkide, adierazo dau Hezkuntza Sailak. 

Izan be, pandemia hasi zanetik, ikasleek zorrotz bete behar izan ditue Covid-19ari aurre egiteko neurriak, irakasleen begiradapean. Hezkuntza-komunidadea ahalegin handia egiten dabil, baina beharrezkoa da segurtasun eta higiene-neurriak beteteko beharra azpimarratzen jarraitzea, dinoe kanpainearen bultzatzaileek. Bideoen bidez, ikasleei ahotsa emongo deutse.

Birusari aurre egiteko neurriak danok bete behar doguzala gogoratu eragiteko bideoak sortzeko eskatu deutse, beraz, ikasleei. Eskolako zein eguneroko beste momentu batzuetako jokabideakaz lotuta egon leiteke mezua, eta hori zelan adierazo ikasleen esku egongo da: formatua, tonua, parte-hartzaile kopurua... Hori bai, muga batzuk egongo dira, ze gehienez minutu bateko bideoak izatea eskatu dabe antolatzaileek, eskuko telefonoagaz grabautakoak. 

Gazteek ikastetxeetako arduradunen laguntasunagaz sortu eta bialdutako bideoak EITBk zabalduko ditu, horretarako atondu dauen webgunean. Ganera, telebistako kanaletan zein sare sozialetan erakutsiko ditu aukeratutako bideo batzuk. 

Bestetik, ikasle sortzaileei bultzadatxua emoteko, Covid Off kanpainearen idea laborategia jarri dabe martxan. Youtubeko gune horretan, pandemiagaz lotutako hainbat komunikazino-ekintza batu dira, mundu zabaleko hainbat txokotakoak. Idea laborategiko edukiok gazteentzat inspirazino edo laguntzino izatea espero dabe Hezkuntza Sailak eta EITBk.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu