Ana Urkizaren ‘Garen hori’ liburuaren aurkezpenean parte hartu dau Basque Teamek
2021-03-17 07:50 KultureaBasque Teameko Olatz Legarzak goi mailako euskal kirola jorratu dau.
Eusko Ikaskuntzako buru dan idazleak, Ana Urkizak, euskal balioen inguruan hausnarketea eskatu deutse hainbat esparrutako sortzaile eta adituei eta azken horreen artean kokatu dau Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzailea goi mailako euskal kirola jorratzeko.
Zein dira euskal balioak, holakorik badago? Zerk egiten gaitu gu, eta zelan buztartzen da izate kolektibo hori gutako bakotxagaz? Ba al dogu euskal nortasunik eta nortasun horri jagokon markarik, irudirik? Eta zein leku dau horretan kultureak? Zein da sortzaileen eta komunikatzaileen eragina nortasun hori eregiteko?
Galdera horreen eta antzekoen inguruan jantzan jarri ditu Ana Urkizak hainbat sortzaile, nor bere alorretik eta esperientziatik berbetan: Irati Jimenez idazlea, Carmelo Ortiz de Elguea pintorea, Jon Maya Sein dantzaria, Xabier Barrutieta arkitektoa, Dora Salazar eskultorea, Jon Garaño zinemagilea, Juan Carlos Perez musikaria eta Xabier Paya bertsolaria.
Alkarrizketa horreek osotzen dabe liburuaren zati nagusia, eta horreei gehitzen jakez lehen lerroko komunikatzaileak diran beste hainbat adituren gogoetak: Josu Bergara (publizidadea), Eduardo Apodaka (filosofia), Elixabete Garmendia (kazetaritzea), Olatz Legarza (kirola), Ximun Fuchs (antzerkia), Iraia Oiartzabal (modea), Elena Arzak (sukaldaritzea) eta Iñigo Ucin (enpresa)... Mosaiko zabala, gure herriaren isla, tradizinoaren eta etorkizunaren artean.
Kirolari jagokonez, herriaren iruditeria eregiteko dauen garrantzia azpimarratu dau Anak, Basque Teamekin aurkezpenaren ostean izandako barriketaldian: Nire ustez emozinoak biderkatzen ditu, emozino fabrika bat da. Kirolak asko dauka balioen sorreran, erabileran edo ereite-lan horretan, personeari begira eta gero gizarteari begira, dauan biderkatzeko ahalmenagaitik.
Aldi berean, Olatz Legarzak, balioek kirolaren munduan daben pisua nabarmendu dau: Askotan ez dogu ezbardintzen emoitzea eta emoitza horren atzean dagozan balioak eta Anak egindako galderek hausnarketea bideratu eben, gure kirolarien emoitzen atzean zer dagoan hobeto ulertzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!