Jesus Mari Lazkanoren obra panoramikoa heldu da Itsasmuseumera

Bizkaie! 2021-03-17 08:35   Kulturea

Blboko Arte Eder Museoagaz lankidetzan ipini dabe Bilbo MMX.

Lazkanoren 'Bilbo MMX' (argazkiak: Itsasmuseum) | Ikusi handiago | Argazki originala

Artxandaren magaletik begiratuta, Bilboren ikuspegi panoramikoa marraztu eban Jesus Mari Lazkanok 2010ean, errealismo eta detaile handiz. Bilbo MMX izeneko obrea urte haretako Shanghaiko Erakusketa Unibersalean erakutsi eban artista gipuzkoarrak eta, orain, Bilboko Itsasmuseumen ikusi ahal izango da, Obra Konbidadua programearen barruan.

Arte Eder Museoagaz alkarlanean antolatzen dan programa horretan, Itsasmuseumeri laga deutsien hirugarren obrea da Bilbo MMX. Aurretik ikusgai egon ziran Quintin Torresen Lemazaina eta Julian de Tellaecheren Itsasmutil zuria. Lazkanoren pinturearen aurkezpenean egon dira Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadu Lorea Bilbao, Bilboko alkate Juan Mari Aburto eta museo bietako zuzendariak, Arte Ederretako Miguel Zugaza eta Itsasmuseumeko Jon Ruigomez. 

Berezitasun deigarriak ditu Bilbo MMX artelanak, ikusleak lehenengo begi kolpean igarriko dauenez. Batetik, luze-luzea da, ikuspegi panoramikoa emoteko asmoz sortua dalako. Bestetik, detaile handiz agertzen dira elementu guztiak, obra hiperrealistea dalako. 2010ean uria zelakoa zan ikusteko aproposa da Bilbo MMX: langile-auzoen eta Abandoibarrako kale barrien inguruko kontrastea; errekearen inguruko eraikin piloa eta inguruko mendi berdeak. 

Juan Mari Aburtok ohartarazo dauenez, Bilboren bilakaerearen lekuko da obrea, oraindino martxan dagoan transformazino batena. Izan be, hamaika urte pasau eta gero, gauza batzuk aldatu dirala azaldu dau alkateak, eta aldaketa gehiago be etorriko dirala, Bilboren historia ez dalako amaitu. Lazkanoren helburua, halandabe, momentu haretako Bilboren arnasea agertzea izan zan. 

Bilbo MMX pintura panoramikoagaz batera, Arte Eder Museoak Lazkanoren hamar marrazki be laga deutsaz Itsasmuseumi. Urrira arte egongo dira margolana eta marrazkiak bertan eta, ondoren, Arte Eder Museora bueltauko dira. 

Juan Mari Aburto, Jon Ruigomez, Jesus Mari Lazkano, Miguel Zugaza eta Lorea Bilbao.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu