Martiaren 18an edegiko dabe Udalekuetan izena emoteko epea
2021-03-15 13:22 Pil-pilean7 eta 13 urte bitarteko neska-mutilentzako jarduerea da.
Bizkaiko Foru Aldundiak, Arabakoagaz eta Gipuzkoakoakoagaz batera, Udalekuak 2021 kanpainearen nondik norakoen barri emon dau. Izena emoteko epea eguenean, martiaren 18an zabalduko dabe, eta online egin beharko da eskabidea. 7 eta 13 urte bitarteko umeei zuzendutako egonaldiak garagarrilaren 1etik 29ra izango dira, zazpi eguneko txandetan.
Lorea Bilbao Kultura diputadua egon da Udalekuak 2021 kanpainea aurkezteko agerraldian, Bizkaiaren izenean. Beragaz batera egon dira Harkaitz Millan Gipuzkoatik eta Ana del Val Arabatik. Bakotxak bere herrialdeko umeentzat atondu daben eskaintzea azaldu dau.
Bizkaiko neska-mutilentzat 822 plaza egongo dira aurtengo udan. Edadearen araberako hiru moltsotan banatuko ditue lekuak: 7-8 urte (136 plaza), 9-11 urte (406) eta 12-13 urte (280). Plaza gehienak euskeraz izango dira. Hego Euskal Herriko 16 gune dagoz Udalekuetako eskaintzan, eta Bizkaiari honeek jagokoz: Gorliz, Lapurreketa, Lurraska, Zugaztieta-La Arboleda, Meakaur eta Bertiz.
Dana dala, hiru aldundien artean plaza batzuk trukatuko dituenez, Bizkaiko umeak Gipuzkoari edo Arabari jagokezen instalazinoetara be joan ahal izango dira. Gipuzkoakoek Orio, Zarautz, Hondarribia, Arantza eta Igantzin egiten ditue Udalekuak; Arabakoek, Barria, Zuhatza, Bernedo eta Espejon.
Natureagaz kontaktuan, kirol eta kultur arloetako jarduerez gozau ahal izango dabe parte-hartzaileek: txalapartea, birziklatze-tailerra, mitologiari buruzko gaualdiak, ginkanak, mendiko txangoak, eskaladea, tirolinea, arku-tiroa, paintballa, arborismoa, orientazinoa, mendiko bizikletea, arrauna, wind surfa, golfa, herri kirolak, ortua, animaliak eta elikadurearen inguruko tailerrak, besteak beste.
Inguruko geologia, landareak eta faunea ezagutzeko jarduerak be egingo ditue Udalekuetan. Ingurumena ezagutu, errespetau eta jagoten ikasteari be garrantzia emongo deutse.
Udalekuetan parte hartzeko prezio orokorra, hiru foru aldundiek adostua, 130 eurokoa izango da, zazpi eguneko txanda bakotxeko. Deskontuak egongo dira familia ugarietako umeentzat zein desgaitasunen edo menpekotasunen bat daukienentzat. Azken honeentzat, ganera, instalazinoak behar dan moduan egokituta egongo dirala eta monitore bereziak laguntzen ibiliko dirala ziurtatu dabe antolatzaileek.
Martiaren 18tik 30era egongo da zabalik izena emoteko epea. Plazen zozketea apirilaren 27an egingo dabe. Eskabidea egiteko modu bakarra online izango da, ebizkaia.eus atariaren bidez, aurretiaz eskuratu behar dan identifikazino elektronikorako bitartekoren baten bidez.
Argibide guztiak hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!