Bilbon topaketea egiten dabiz Zeharkaldia-Zirkuko Pirinioak proiektuko 20 artistak

Bizkaie! 2021-03-15 11:10   Kulturea

Uriko hiru alkartegaz egingo dabe lan, hilaren 19ra arte.

Bost eguneko topaketa teoriko-praktikoa egiten hasi dira gaur, astelehena, Zeharkaldia-Zirkuko Pirinioak programearen aurtengo deialdian aukeratutako 20 artistak. Hilaren 19ra, barikura arte, Bitartekaritza Laborategia dalako egonaldia egiten dabiz Bilbon, nazinoarteko egitasmo kultural hori bultzatzen dauen urietako bat da eta.

Pirinioak ardatz, mendikatearen alde baten eta bestean beharrean dabizan artistak batzen ditu Zeharkaldia-Zirkuko Pirinioak programeak, zirku garaikideagaz lotutako disziplinen sormena eta zabalkundea bultzatzeko asmoz. Aurtengo deialdian, euskal ordezkari ugari aukeratu ditue: Nerea Lorente (Hortzmuga), Gloria Peón (LaGlo zirko jantzea), Maialen Cuevas (Malas Compañías), Endika Salazar (Cía Dikothomia), Amaia Vicente, Iru (Cía La Pez) eta Aratxo Angulo.

Bost eguneko topaketan parte hartzen dabizan 20 artista eta kolektiboek zirkuaren sormena uriko bazter guztietara hurreratuko dabe, alkarlanean antolatutako hainbat jardueraren bidez. Bilboko hiru alkarte izango ditue bidelagun: Koral Alkartearen barruko Euskeria abesbatzea, ijitoen integrazinorako Nevipen eta Adembi, Bizkaiko Esklerosi Anizkoitzaren Alkartea. 

Hilaren 18an, eguenean, bitartekaritza programako kideek esku-hartze artistikoa egingo dabe Rekalde Aretoan, bertan ikusgai dagoan Agustin Ibarrola, naturalki erakusketeagaz bat etorrita. Zirkuaren eta eskulturearen arteko alkarrizketea aurkeztuko dabe sortzaileek, pinturearen eta berbearen artekoa. Sartzea doban da, baina gonbidapena eskatu behar da Rekalde Aretoan.

Zeharkaldia-Zirkuko Pirinioak lankidetza proiektua da, erakunde askok parte hartzen dabelako. FEDER funtsaren bidez, Europako Batasunak egitasmoaren % 65 babesten dau. Horrezaz gan, nazinoarteko zortzi bazkide dagoz, tartean unibersidadeak, sormen lekuak, arte-espazioak eta entidade publikoak. Bilboren kasuan, Udala dabil programa honetan parte hartzen, Kalealdia eta Zirkualde jaialdien antolatzaile dan ezkero.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu