Gernikako Arbolearen oinordeko bat landatu dabe Artean

Bizkaie! 2021-03-12 13:47   Pil-pilean

Herriak bandera barria dauela ospatzeko modu sinbolikoa izan da.

 

Ana Otadui eta Alberto Intxaurraga, Gernikako Arbolearen oinordekoa landatzen (argazkia: Bizkaiko Batzar Nagusiak) | Ikusi handiago | Argazki originala

Arratian izan dira Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkariak, Gernikako Arbolearen oinordeko bat landatzeko ekitaldian, Ana Otadui erakunde horretako lehendakaria buru. Arteako alkate Alberto Intxaurraga be bertan izan da. Leku esanguratsuan sartu dabe arbola barria, Maurizia pandero joleari eta Leon albokariari eskainitako eskulturearen alboan hain zuzen. 

Arteak bandera barria dauela ospatzeko landatu dabe Gernikako Arbolearen oinordekoa, banderea eta arbolea, biak izan daitezan sinbolo garrantzitsuak herrian. Hamabi urteko haretx gaztea da Arteakoa, eta herritarrek sarri ikusi ahal izango dabe, udaletxetik, plazatik eta ikastolatik hur-hurrean dagoalako.

Bizkaiko Batzarrerako lehendakaria pozik agertu da Arteak Gernikako haretx zaharraren leinua zabaltzea erabagi dauelako udal bandera barriaren onarpena ospatzeko. Bakeagaz, demokraziagaz, batasunagaz, adostasunagaz, eskubide historikoakaz, foruakaz eta euskal askatasunakaz lotuta dago arbolea, eta, pandemia une honetan, burrukan jarraitzeko eta egoera horretatik urteteko itxaropena emoten deusku, nabarmendu dau Otaduik.

Ekitaldiaren ostean, Ana Otaduik oinordekoaren benetakotasuna erakusten dauen ziurtagiria emon deutso Alberto Intxaurraga alkateari. Gernikako Arbolearen leinuaren jarraipena bermatuta dago Arteako ale barri honi eta XIX. mendetik bost kontinenteetan landatu diran 500 oinordeko baino gehiagori esker. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu