Yolanda Larreategi bizkaitarrak 'Ur eta lur' ipuinari esker irabazi dau Xabier Lizardi Saria

Bizkaie! 2021-03-12 12:36   Kulturea

Apirilaren 18an hartuko dau saria, Xabier Lizardi jaio zanetik 125 urte beteko diran egunean.

Ezkerretik eskumara Malen Amenabar eta Yolanda Larreategi Duralde | Ikusi handiago | Argazki originala



Kati Olaizola, Alex Gurrutxaga, Yolanda Arrieta eta Idoia Garzes izan dira epaimahaian eta euren eretxiz, Larreategiren lanak lehen esalditik bertatik kokatzen dau irakurlea mundu fantastiko batean. Istorio honek Japonia aldera eroaten gaitu, nenufar eta banbuzko paisajeetara. Eremu haretan emondako pauso txikien bidez, protagonistek hainbat gai azaleratzen ditue; guztien artean, indar apartekoa hartzen dau heriotzearenak, azaldu dabe. Umore finak eta irakurleari han eta hemen egiten jakozan aitamenek josten dabe narrazinoa.

Aurten beteko dira 125 urte Xabier Lizardi jaio zanetik eta 39 urte haren izeneko literatura sariketea martxan jarri ebenetik. Zarauzko Udaleko Kultura Sailak jakinarazo dauenez, aurten Yolanda Larreategi Duralde markina-xemeindarra da 39. Lizardi Sariaren irabazlea, zortzi urtetik gorako umeei zuzendutako Ur eta lur ipuina bikaina begitandu jakelako epaimahaikideei. Irabazleak 4.000 euro jasoko ditu saritzat. Larreategirenagaz batera, beste 32 lan aurkeztu dira.

Kontuak kontu, apirilaren 18an izango da Xabier Lizardiren jaiotzearen urtemugea eta egun horretan egingo dabe lehiaketako sari banaketea Zarautzeko Modelo aretoan, 11:30ean.

Marrazkiakaz apainduta, Ur eta lur liburua argitaratuko dau udalak.

Yolanda Larreategik beste ipuin liburu bi ditu plazan: Zaharrak berri, euriak (Elena Odriozolaren ilustrazinoakaz) eta Bi txantxangorri haritz adarrean (Malen Amenabarren ilustrazinoakaz, hurranez hurran, 2006an eta 2020an, Peru Abarka sariak irabazita.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu