Emakume migratzaileen ekarpena autortu dau Bilboko Udalak

Bizkaie! 2021-03-12 08:36   Pil-pilean

Politikan, gizartean zein sorkuntzan egindako lanagaitik saritu ditu zazpi lagun.

Emakume Migratzaileen Aintzatespenaren bigarren edizinoko sariak banatzeko ekitaldia egin dau Bilboko Udalak, Itziar Urtasun zinegotzia buru dala. Jagoletzan emakumeek egiten daben ahalegina txalotu dabe Udaleko ordezkariek, baina, gogoratu dabenez, beste arlo guztietan be ezinbestekoa da emakume migratzaileen lana. Horregaitik, sei kategoriatan zazpi saritu egon dira.

Urtasunek nabarmendu dau ekarpen hori beharrezkoa dala: ondoizatearen eta garapenaren motorra dira, bai euren familientzat, bai beste giro sozial batzuetarako. Emakume migratzaileen ikusgaitasuna eta aintzatespena bultzatu behar doguz, eskubide-bardintasunaren printzipioa autortu eta bermatzeko. Sariak banatzeko ekitaldian azpimarratu dabenez, emakume izateagaitik eta migratzaile izateagaitik bazterkeria sufriduten dabe, eta egunero egin behar deutse aurre estereotipo eta aurreretxiei. 

Udaleko Immigrazinoaren Tokiko Kontseiluko ordezkari Alba Nury Orozkok azaldu dauenez, 2019an sortu zituen Emakume Migratzaileen Aintzatespenaren Sariak, helburu garbi bategaz: emakume migratzailearen presentziak Bilboko bizitza sozial eta publikoan daukan garrantzia autortu gura izan genduan. Modu berean, gure urian dibersidadea aintzatesteko eta erreferenteak sortzeko beharra egoan.

Bigarren edizino honetan 21 hautagai aukeztu dira. Honeek izan dira kategoria bakotxeko irabazleak:

- Emakume komunidadeko agentea: Mathilde Gros (Frantzia).

- Emakume ekintzailea: Maylin Vergara (Kuba) eta Farah Ben Ali (Maroko).

- Emakume politikaria: Lidia Kinson (Ekuatore Ginea).

- Giza Eskubideen aldeko emakumea: Doris Adriana Abonia (Kolonbia).

- Emakume gaztea: Porciana Ntoto Paulina (Angola).

- Emakume artistea: Nilda Duarte (Argentina).

Irabazleak aukeratu dituan epaimahaian honeek egon dira: Lankidetza eta Bizikidetza zinegotzia eta Bilboko Immigrazino Kontseiluko presidente Itziar Urtasun; Immigrazino Kontseiluko bigarren presidenteorde Elisabeth Romero (Euskadiko Kolonbiarren Alkarteko kidea be bada); eta Norma Vázquez psikologo eta feministea.

Bilbon, gaur egun, atzerriko jatorria daben biztanleen artean emakumeak gehiago dira (% 52,8) gizonak baino. Asko Latinoamerikatik datoz. Udalaren analisiaren arabera, lanbide jakin batzuetan nitxoak sortzen dira, jatorriari eta sexuari jagokonez. Emakume latinoamerikarren kasuan, jagoletzeagaz eta menpekotasunak dituenen arreteagaz lotuta dagoz asko. 

Pandemiak baldintzatutako testuinguru honetan, emakumeen ekarpena aintzatetsi behar dogu, baita migratzaileek egiten dabena be, askotan eurak diralako besteak jagoteaz arduratzen diranak. Osasun eta gizarte krisi honetan funtsezkoak diran zerbitzu askotaz eurak arduratu dira gehienetan, esan dau Itziar Urtasunek.

Argazkiak: Bilboko Udala.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu