Sekula baino parte-hartzaile gehiago Ramiro Pinilla Lehiaketan

Bizkaie! 2021-03-11 13:49   Kulturea

Testuak bialtzeko epea amaituta, 192 lan jaso dituala dino Getxoko Kultur Etxeak.

Ramiro Pinilla Elebarri Laburren Lehiaketako laugarren edizinoak izan dauen harrereagaz pozarren dago  Getxoko Kultur Etxea, orain arteko edizinoetan baino jente gehiagok bialdu ditualako testuak. 192 lan jaso ditue, igazko edizinoan baino % 35 gehiago. Euskal Herritik ez eze, beste herrialde askotatik be heldu dira, eta, horregaitik, testu gehienak gaztelaniazko modalidadekoak dira. Euskerazkoak 11 dira.

Irantzu Uriarte Getxoko Kultur Etxeko presidenteak nabarmendu dauenez, urtez urte gora doan kopuruak erakusten dau Ramiro Pinillaren omenezko lehiaketa hau erreferente bihurtu dala literaturearen sektorean. Genero ugaritako nobela laburrak jaso ditue aurten: historikoak, zientzia-fikzinokoak, baltzak, filosofikoak, kostunbristak eta sentimenduzkoak, besteak beste. Konfinamendua sarri agertzen da nobeletan, gai nagusi lez edo istorioa girotzeko.

Pinillesca kolektiboaren ekimenez sortutako lehiaketa honek helburu bi ditu: Ramiro Pinilla idazlea gogoratzea eta literatura arloko sorkuntzea bultzatzea. Sari bi emongo ditue, bata euskerazko modalidadean eta bestea  gaztelaniazkoan, bakotxa 6.000 eurokoa. Irailaren 17an jakingo dogu epaimahaiaren ebatzia. Irabazleek, ganera, euren nobela laburra argitaratzeko mila euroko laguntzinoa be jasoko dabe. Aurreko hiru edizinoetako irabazle guztiak dagoz argitaratuta, bat izan ezik.

Lehiaketa hau helduentzat bada be, umeen artean Ramillo Pinillaren gomutea zabaltzeko beste sariketa bat be badago Getxon, Txiki Baskardo izenekoa, haren liburuetako pertsonaia baten omenez. Laugarren edizinorako deia zabaldu dau Kultur Etxeak. Aurten, udalerriko lau ikastetxetako ikasleek hartuko dabe parte, eta onenak finalera pasauko dira.

Txiki Baskardo lehiaketako finala bagileko azken astean edo garagarrileko lehenengoan izango da, eta finalistek 120 minutu istorio labur bana idatzi beharko dabe, antolatzaileek egun horretan jakitera emongo daben esaldi batetik abiatuta. Euskerazko eta gaztelaniazko irabazleei tablet bana emongo deutse, eta finalistek diplomea eta Getxoko liburu-dendetan erosteko 50 euroko bonua jasoko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu