Euskal eSports Txapelketea, EAEko lehen futbol-kopa digitala Twitch-en
2021-03-11 09:07 Pil-pileanAnder Cortés bilbotarrak egingo ditu esatari-lanak finalean, martiaren 27an.
Sevillako La Cartuja estadioan Errege Kopako finala jokatu baino astebete lehenago, Euskal eSports Txapelketako finala jokatuko da Twitch-en; Euskal Autonomia Erkidegoko lehen kopa digitala da eta urteko ekitaldirik ikusgarriena euskal gamer futbolzaleenentzat.
Euskal eSports Txapelketa futbol-jokalari afizionatu eta profesionalentzako eSports edo kirol elektronikoko txapelketa bat da; Forzium-ek atondu dau Guuk telekomunikazinoen euskal enpresearen babesari esker eta zaleek elastiko zuri-gorria edo txuri-urdina defendiduz jardungo dabe. Forzium egoitzea Bilbon dauen startup bat da, 2020an sortutakoa, lekuan lekuko eduki-sortzaileak sustatuz entretenimendua hobetzeko eta barritzeko. eSports-eko taldea dau eta lana errazteko baliabideak eta beste sortzaile batzuekaz lankidetzan ibilteko sarea eskaintzen deutsee eduki-sortzaileei.
Ander Cortés bilbotar caster profesionalak egingo ditu esatari-lanak finalean, martiaren 27an, Bilboko Distrito Zero joko-zentroan eta live streaming-eko Twitch plataformeak emongo dau. Cortések 300.000 jarraitzaile ditu sare sozialetan eta bikote banatuezina osotzen dau Ibai Llanos streamer garrantzitsuenagaz.
Euskal eSports Txapelketearen bidez, Guuk kirol elektronikoen eremuan sartu da, ekonomia-sektore barria sustatzen dabizen eta gazteek eta gazteentzat sortutakoak diran enpresa-ekimenak jorratzen laguntzeko, kasu honetan Forzium startuparen eskutik. Telekomunikazinoen euskal enpreseak sektore hori Euskal Autonomia Erkidegoan lantzeko teknologia eta merkatuko zuntz simetriko azkarrena ditu eta 5G teknologia mobikorra dagoeneko EAEko hiru uriburuetan zabalduta.
Konsolearen bidez futbolean jokatzea gustetan jakenek dagoeneko emon leikie izena txapelketan euskalesports.org webgunean, talde zuri-gorrian edo talde txuri-urdinean. Martiaren 17an, aukeratuko dira martiaren 19tik 25era Euskal eSports Txapelketako kanporaketetan parte hartuko daben jokalariak: Talde bakotxaren aldeko 64 jokalarik jokatuko ditue kanporaketako partiduak (128 guztira) eta Forziumeko jokalari eta caster honeek izango dira dinamizatzaile: Amaia Amunarriz (@amaiaamunarriz), Unai Zaballa (@rulas47), Cristina Orube (@cris.orube), David Edroso (@david_edroso), Marc Alonso (@xcalamarc).
Amaia Amunarriz (@amaiaamunarriz) eta Unai Zaballa (@Rulas47) arduratuko dira Twitch-en finalaren streaminga dinamizeteaz, Ander Cortés-egaz batera (@tvandeR).
Txapelketea irabazten dauenak PlayStation5 bat, 50 hazbeteko LCD telebista bat eta jokatzeko jesarleku bat irabaziko ditu. Gainera, bigarren sailkatuak jokatzeko jesarlekua eta kaskoak eskuratuko ditu, eta hirugarrenak eta laugarrenak, barriz, jesarleku bana.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!