Bere bildumako hainbat harribitxi zaharbarritu ditu Bilboko Arte Eder Museoak
2021-03-11 08:07 KultureaAldi baterako erakusketetako obra batzuk be lehengoratu ditue oraingoan.
2020an zaharbarritutako obren barri emoteko agerraldia egin dabe Bilboko Arte Eder Museoko arduradunek. Ekitaldian izan dira Miguel Zugaza museoko zuzendaria, Javier Novo Ikerketa eta Konserbazino koordinatzailea eta María José Ruiz-Ozaita Konserbazino eta Zaharbarritze Saileko burua. Iberdrolako ordezkariak be joan dira, enpresa hori dalako zaharbarritze programearen babesle nagusia.
2013an sortu eben programea, Arte Eder Museoaren bildumako obrak egoera on-onean egon daitezan beti. Urtero aukeratzen dira tratamendua behar daben hainbat artelan, museoan dagozan sasoi kronologiko eta estilo artistiko guztietako moltsoetakoak. Adituen eskutik, zehaztasun handienaz lehengoratzen dira piezak, zikinkeria eta inperfekzinoak kentzeko ez eze, artistek sortu zituen modura agertu daitezan.
Ganera, zaharbarritze programea zabaltzen joan da urterik urtera. Esate baterako, 2019tik, Arte Ederren Museoko bildumakoak izan ez arren, aldi baterako erakusketetan dagozan obretan be esku-hartzeak egiten ditue. Ameztoy eta Valdés bildumako maisulanak erakusketetako pieza batzuk zaharbarritu ditue azkenaldion.
Berezitasun nagusi bat izan dau 2020ko zaharbarritze kanpaineak: esku-hartzeak egin dira oraintsu erositako artelan batzuetan. Berbarako, atal horretan sartzen dira Museoen Lagunei esker erositako Ignacio Iriarteren Paisaia artzainekin, Gonzalo Chillidaren Pasaiako fabrika, Jean-François Rafaëlliren Montmartre sous la niège eta Marta Cárdenasen estanpa batzuk.
Paisajeak nagusi dira zaharbarritutako obren artean, gai horri emon deutse pisua 2020ko programan. Ganera, paisaje horreetako hamar museoko Landscape aretoan ipini ditue, alkarregaz. Tartean dagoz museoak orain dala gitxi eskuratu eta lehengoratu dituan piezak, publikoak lehenengoz ikusi daizan.
Beste alde batetik, Arte Eder Museoak martxan jarri dau bitartekaritza-programa barria, ondarea herritarrei hurreratu eta eraikina handitzeko asmoetan sakontzeko. Aurrerantzean, beraz, bisita gidatuak egongo dira museoaren kanpoaldean, eraikinaren arkitekturea eta inguruan dagozan eskulturak erakusteko.
Bisitaldiak doban egin leitekez museorako sarrerea erosi ezkero. Asteburu guztietan antolatuko ditue, zapatuetan goiz eta arratsalde, eta domeketan 12:30ean. Hileko azken domeketako saioak euskeraz izango dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!