Kulturako ikusleak suspertu eta sendotzeko diru-laguntzetara aurkezteko epea zabalik

Bizkaie! 2021-03-10 13:43   Kulturea

Eusko Jaurlaritzeak 200.000 euroko diru partida bideratuko dau.

Aitatu dirutzea 2021. urtean Euskadin kultura arloko ikusleentzako proiektu eta jarduera bereziak eta berariazkoak gauzatzeko erabiliko da. Kultura eta Hizkuntza Politika sailak kultur jarduera eta ekitaldietako publikoa areagotu, dibersifikau eta fidelizau gura dau deialdi honi esker.

Hiru muetatako jarduera edo proiektuak lagunduko dira:

1. Publikoak dibersifiketakoak: hezkuntza, psikologia edo gizarte-inguruko trabak gainditzeko esku-hartzeen beharra dauen publikoari zuzenduak.

2. Publikoa zabaltzekoak: interesa erakusten dauen publikoa izanda be, kultur jardueretan parte hartzen ez daben horreek erakarteko eta euren eskura jarteko proiektu eta jarduerak.

3. Parte hartzea indartzekoak: kultur jardueretan parte hartzen dauen publikoa gero eta fidelagoa izan daiten, partaidetza eta inplikazino maila handiago lortzeko proiektu eta jarduerak.

Proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoan landu behar dira 2021eko urtarrilaren 1etik 2022ko abenduaren 31ra. Halan da be, proiektuak 2021ean hasitakoak izan behar dira. Gainera, diruz lagunduko diran ekintza eta jarduerak herritarrentzat edegiak izatea nahitaezkoa da. Aurreko deialdia be, urte bikoa izan zan eta guztira zortzi proiektu babestu ziran.

Kultur arloko publikoa suspertzeko, dibersifiketako eta sendotzeko eskariak aurkezteko epea gaurtik aurrera hilebetekoa izango da.

Irudi-sorkuntzea bultzatzeko diru-laguntzak eskatzeko epea hilebetez egongo da zabalik

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 105.000 euro ditu 2021. ekitaldian zehar komikiak, nobela grafikoak edo irudidun liburuak sortzeko diru-laguntzinoetarako. Azken aldian igoera handia izan dau irudi-sorkuntzearen sektoreak eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailak sektorea bultzatzeko helburuz emoten ditu laguntzok. Aldi berean Euskadin nobela grafikoen eta irudidun liburuen argitalpena dinamizetako helburua be badau.

Irudi-sorkuntzako zazpi proiektu lagunduko dira diruz:

· 15.000 euroko lau laguntza emongo dira komiki edo nobela grafiko bat argitaratzea helburu daben ilustrazino proiektuetarako.

· 15.000 euroko beste hiru laguntza irudidun album edo liburu bat argitaratzea helburu daben ilustrazino proiektuetarako.

Kasu bietan diru-laguntzetako bat 30 urtetik beherako persona batentzat izango da eta beste bat, gitxienez, emakume batentzat.

Irudi-sorkuntzara bideratutako laguntzak eskatu nahi dituenek zabalik dabe eskaerak aurkezteko epea. Ondoren balorazino batzorde batek aztertuko ditu aurkeztutako lanak. Onuradunek 12 hilebeteko epean aurkeztu beharko ditue lanak eta beste sei hilebete izango ditue liburua argitaratzeko.

Martiaren 13an zabalduko da arte eszenikoak sustatzeko programetarako diru-laguntzak eskatzeko epea

Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 780.000 euro bideratuko ditu arte eszenikoen sustapenean bat egiten daben prozesuei laguntzeko. Deialdiaren helburua 2021eko ekitaldian arte eszenikoak sustatzeko prestakuntza, erakusketa, programa edo jarduerak bultzatzea da.

Danetara, lau modalidade lagunduko dira:

1. Arte eszenikoetako profesionalen etengabeko prestakuntza: 160.000 euro bideratuko dira etenbako prestakuntzako edo berariazko prestakuntzarako ikastaro edo tailerrak eta profesionalen etenbako ikerketak eta prestakuntzara bideratutako laborategiak eta antzeko espazioak laguntzeko.

2. Arte eszenikoak sustatzeko proiektuak: arte eszenikoen konpainian eta Euskal Autonomia Erkidegoko udal-titulartasun publikoko espazio eszenikoen arteko lankidetzeagaz egindako programak jorratzeko 160.000 euroko partidea erabiliko da.

Sensibilizazino jarduerak, publikoagazko bitartekaritza-jarduerak, prestakuntza jarduerak edo konpainia egoiliar batek landutako arte eszenikoak sustatzeko programak lagunduko dira.

3. Kaleko arte eszenikoak erakusketako programak: 225.000 euro bideratuko dira aurten euskal konpainiak aire zabaleko espazio publikoetan antzeztutako arte eszenikoak erakusketako programak garatzeko

4. SAREA jantza zirkuitua: 235.000 euroko diru partidea erabiliko da aurten Jantza Zirkuituko Sareko antzokietako programazinoetan ikuskizunen bategaz parte hartzen daben jantza-konpainiei laguntzeko.

Kaleko arte eszenikoak erakusketako programetara zein SAREA jantza zirkuitua bultzatzeko Kultura eta Hizkuntza Politika sailak igaz baino 150.000 euro gehiago bideratuko ditu.

Igaz, 94 proiektu babestu ziran arte eszenikoak sustatzeko programetara bideratutako diru laguntza honeei esker.



 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu