Bizkaia FSNext, kulturgileentzako agertoki digitala
2021-03-10 13:23 KultureaInterneten ikusgaitasuna eta diru-sarrerak lortzea erraztuko deutse sortzaileei.
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Fair Saturday fundazinoak Bizkaia FSNext izeneko plataformea aurkeztu dabe, artista eta kultur erakundeentzako agertoki digitala. Laboral Kutxak be laguntzen deutso proiektuari. Bizkaiko Kultura diputadu Lorea Bilbao, Fair Saturdayko kide Jordi Albareda eta Gonzalo Santocildes, Laboral Kutxako Marije Etxaniz eta Leioa Kantika Koraleko zuzendari Basilio Astulez egon dira aurkezpenean.
Funtsean, plataforma barriak kulturgintzan dabizanei lagundu nahi deutse, euren lana online proiektau, bide horretatik diru-sarrerak eskuratu eta audientzia digitalak topau deiezen. Bizkaia FSNext proiektuak arte eszenikoen sektorearen esku jarten dau edukiei ikusgarritasuna emoteko tresna bat, azaldu dau Lorea Bilbaok. Bizkaiko antzoki digitala izateko asmoagaz sortu dogu; ganera, kultur ondarea sortzeko modu bat da, aberastasun artistikoa agertoki berean batzen dauen plataformeari esker.
Mundu digitalean, kulturgileentzat ez da erraza euren lanari etekin ekonomikoa ateratzea, baina Bizkaia FSNext plataformeari esker, diru-sarrerak eskuratu ahal izango ditue, berbaldi, ikastaro zein emonaldien bidez. Plataformeak batzen dauen diruaren % 90 kulturgileentzat izango da; ganerakoa, plataformearen mantenimendurako.
Hori bai, edukien prezioa audientziak berak ezarriko dau, sortzaileek kasuan kasuan jarriko daben gitxieneko preziotik hasita. Fair Saturday fundazinokoen ustez, ezinbestekoa da artistek eta kultura-erakundeek bidezko diru-sarrerak jasotea interneten bidez. Ganera, Bizkaia FSNextek aukerea emoten dau entzule barriakaz bat egiteko.
Plataformearen bultzatzaileen arabera, funtsezkoa da konpromisoa sustatzea eta sektore kultural amateur zein profesionalaren aldeko gizarte-babesa bilatzea. Bide horretan, Bizkaia FSNext artistentzat erabilgarria izateko jaio dala nabarmendu dabe.
Bizkaia FSNextek prest ditu dagoeneko plataforman zabalduko dituan lehenengo edukiak. Leioako Kantika Koralak 360 graduan grabautako kontzertu bat aurkeztu dau, euren lana erakusteko modu tradizionala zabaltzen eta aldatzen dauena, Basilio Astulez zuzendariaren ustez. Abentura eta aire freskoa da Kantika Koralarentzat, are gehiago osasun-egoereak baldintzatutako une berezi honetan.
Laster 30 bat eduki izatea espero dabe, tartean musikea, jantzea eta antzerkia. Bilboko Koral Alkartea, Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Kantika Korala, Miren de Miguel, Danco Estudio, Biarte eta Idoia dira aitzindarietako batzuk. Martiaren 20an Gora bihotzak kontzertua be jarriko dabe plataforman. Euskalduna Jauregian abenduan egindako kontzertu horretan, besteak beste, Eñaut Elorrieta, Izaro, Zea Mays eta Zetak izan ziran oholtzan, Bilboko Orkestra Sinfonikoagaz eta Koral Alkarteagaz, Fernando Velazquezen zuzendaritzapean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!