Haztegia egonaldietan parte hartzeko deia egin dau Zirkozaurrek
2021-03-09 13:42 KultureaZirkuko hamar konpainia profesional aukeratuko ditue 2021eko edizinoan.
Bilboko Zirkozaurrek, zirkuko arteen zentroak, zabaldu egin dau Haztegia egonaldien 2021eko deialdia. Zirkuan modu profesionalean dabizan konpainiek hartu leikie parte edizino honetan, sormen fasean dagozan proiektuak lantzeko espazioa behar badabe. Egoitza ofiziala Espainian daben taldeek aurkeztu leikie hautagaitzea.
Martiaren 28ra arte dago izena emoteko epea, eta apirilean emongo dabe irabazleen barri. Deialdi honetan, Zirkozaurrek hamar proiektu aukeratuko ditu gehienez. Egonaldietarako hautatutako konpainia bakotxak aste bat edo bi pasauko ditu Zirkozaurreko instalazinoetan proiektua lantzen. Ganera, aholkularitzea eta mila euroko laguntzino ekonomikoa jasoko ditu.
Haztegia egonaldi artistikoen antolatzailea Zirkozaurre da, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren, Espainiako Gobernuaren INAEM erakundearen eta Eusko Jaurlaritzearen Sormen Lantegien babesa dau. 2021eko deialdiaren inguruko informazino gehiago hemen.
Zirkozaurre 2012an sortu zan Zorrotzaurre auzoan, Euskal Herrian zirkuaren sektorea bultzatu eta profesionalizetako helburuz. Hiru arlo nagusi lantzen ditu, hau da, formakuntzea, sorkuntzea eta bitartekaritzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!