Punta Begoñako egiturea indartzeko lanak egingo ditue
2021-03-09 12:38 KultureaHego-mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko galerietan egingo dabe obrea.
Getxoko Punta Begoñako galeriak berreskuratu eta jagoken balio artistikoa emoteko prozesu luzearen barruan, 2021ean obra gehiago egingo dituela aurreratu dau Udalak. Hain zuzen be, ipar-mendebaldeko galeriako 1. portikotik 9.era eta hego-mendebaldeko galeriako 20.etik 30.era, eraikina indartu eta birgaitzeko lanak izango dira. Aurten bertan hasita, 12 hilebete beharko ditue obrea amaitzeko, eta aurrekontua miloe bat euro pasautxukoa da.
Hasteko eta behin, Getxoko Udalak azaldu dauenez, 20A eta 29 arkupeen arteko galerien zatiaren egiturea berregokituko da, hego-mendebaldeko galerian. Esku-hartzea zati bitan banatuko da: batetik, eraikinaren kanpoaldetik egin beharreko lanak, beheko hormea eta fatxadako arkupea zaharbarritzeko; bestetik, galerien barruan egin beharreko lanak, behearen ganean eta sabaian, baita adreiluzko horma banatzailearen errefortzuetan be.
Horrezaz gan, fatxadak be barriztauko ditue, eta arotzeria lanak egin. Galerietako egurra altzauko dabe, oso-osorik birgaitzeko asmoz. Urak beheko aldera bideratzeko sistemea ipiniko da, eta hormei tratamendu iragazgaitza emon.
Egin beharreko konponketetan, elementu bakotxaren jatorrizko funtzinoa, materialak, neurriak, profilak, moldurak eta abar errespetauko dira, moltsoaren benetakotasuna aldatu leikien eranskinik ipini barik. Konpondu daitekeena, konpondu egingo da, aldatu beharrean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!