'Basque. Arkitektura eta diseinua’, 12 liburukiko bildumatik berreditautako lehenengoa

Bizkaie! 2021-03-09 09:54   Kulturea

Liburuxken berrargitalpena 2021ean zehar egingo da.

Arkitektura eta diseinua lurralde bateko kultura-ondarearen parte lez hartuko badira, diziplina bi horreek bereizi eta zehaztu behar dira eta kultura-artxiboaren barruan bakotxak ze leku dauen errepasau. Horretara dator Basque. Basque. Arkitektura eta diseinua liburukia, Etxepare Euskal Institutuak sustatutako hamabi kultur adierazpideri eskainitako bildumatik berreditau dan lehena. Lehen edizinoa orain 8 urte egin zan eta eguneratuta, aurten plazaratuko da papelean bilduma guztia. Peio Aguirre arte-kritikari, erakusketa independenteetako komisario eta editoreak idatzi dau arkitektura eta diseinuari eskainitako hau.

Lau atal ditu liburuxkeak, Euskal Herriko arkitektura modernoaren hasierak, Arkitektura modernoa Euskal Herrian, Diseinu industrialaren hasierak eta aitzindariak eta Diseinua gaur egun izenburukoak. Holan jaso nahi izan dau euskerearen lurraldean zelan buztartu diran tradizinoa eta abangoardia, kulturearen leihotik erakutsiz, bertakoaren eta kanpokoaren topalekua.

Arkitekturaren atalean, Mobimentu Modernoaren hasierara egiten dau atzera Aguirrek. Jose Manuel Aizpurua eta Joaquín Labayen gipuzkoarrek eregitako Donostiako Klub Nautikoagaz ekiten deutso lehen atalari. Estilo arrazionalistako eraikuntzea sortu eben donostiar abangoardiaren erpin izandako ordezkari biok. Mobimentu modernoko beste ordezkari batzuk be ekarten ditu gogora Aguirrek, berbarako, Luis Vallejo, Fernando Arzadun eta Florencio Mokoroa.

Denporan aurrera eginez, gaur egungo arkitekturearen ezaugarri eta berezitasunetan sakontzen dau idazleak. Proiektu arkitektonikoen konpartidutako autoretzea eta arkitekto ahalguztidunaren figurearen desagerpena aztertzen ditu, ondoren, hainbat eraikin gogoangarri, Basque Culinary Center-a, Donostiako portuko arrain-merkatuaren erreformea, Arantzazuko Basilikea, Santiago Calatravaren Loiuko aireportua eta Guggenheim-a, adibidez, Euskal Herriko arkitektura bulegoen errepasoa be eginez.

Diseinuari jagokonez, artisautza tradizionaletik makina-erremintaren industriaraino marraztutako ibilbidea errepasetan dau Aguirrek. Nestor Basterretxea mugarri handienetako bat dala nabarmentzen dau. Diseinu-kulturearen ibilbideari be eskaintzen deutso tartea, aitatuz, besteak beste, Bilboko DZ Diseinu Zentroa, Euskadiko Diseinatzaile Alkartea (EIDE) edota Bilboko Kunsthal diseinu-eskolea.

Altzarien diseinuan eta New Basque Style izentau daben moda korrontean be egiten dau geldialdia. Gastronomiari diseinua apliketako sasoian gagozala be jarten dau mahai gainean.

Bildumearen jatorria

Berredizino honen sorburura heltzeko, 2012. urtera joan behar dogu. Orduan plazaratu zan, euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez, Euskal Kultura saila izenburuko bildumea. Hizkuntzea, literaturea, musika klasikoa, euskal kantagintzea, jantzak, sukaldaritzea, ikusizko arteak, tradizinoak eta euskal zinemea zituen ardatz.

Ondokoak izan ziran liburuen izenburu zein egileak:

1. Euskerearen historia laburra (Ivan Igartua eta Xabier Zabaltza).

2. XX. Mendeko euskal literaturea (Estibalitz Ezkerra).

3. Euskal Musika klasikoa (Karlos Sanchez Ekiza).

4. Euskal kantagintzea: pop, rock, folk (Jon Eskisabel)

5. Estanpa bildumea (Ikusizko Arteak) (Miren Jaio).

6. Euskal zinemea (Joxean Fernandez).

7. Arkitekturea eta diseinua (Peio Aguirre).

8. Euskal jantzea (Oier Araolaza).

9. Bertsolaritzea (Joxerra Garzia).

10. Tradizinoak (Joseba Zulaika).

11. Euskal sukaldaritzaz (Hasier Etxeberria).

Mari Jose Olaziregik sailaren editoreak bere garaian adierazo ebanez, helburu izan zituen euskal sorkuntzeari buruzko informazino eguneratu, erakargarri, eta aldi berean, sendoa eskaintzea, jakin nahi dabenakana erraz heltzeko moduan aurkeztuta.

Liburuxken berrargitalpena 2021ean zehar egingo da, elebidunak izango diran hiru bersinotan: euskeraz eta gaztelaniaz, euskeraz eta ingelesez eta euskeraz eta frantsesez. Tradizinoak, bertsolaritzea, sukaldaritzea, euskal kantzagintzea, musika klasikoa, antzerkia, arte plastikoak eta ikusizkoak, jantzea, literaturea eta zinemearen ingurukoak izango dira. Formatu digitalean irakurri edo deskargetako moduan dagoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu