Ana Maria Zubiaga zientzialari forutar ospetsuaren ibilibidea autortu dabe
2021-03-09 08:22 KultureaBardintasuna benetakoa eta eraginkorra izan daitela lortu gura dogu.
Bardintasunaren aldeko konpromisoa adierazoteko asmoz eta pandemiak ospakizunak mugatzen dituanez, Foruko Udalak egun horretako ohiko ekitaldien artean, gure gizartean emakumearen figurea balioan jarteko, eta, horretarako, autorpen publikoa egin deutso Ana Maria Zubiagari, forutar zientzialari ospetsuari. Ana Maria Zubiagak bere jaioterriko armarria eta bere lanaren aintzatespen publikoa jaso ditu Foruko Udalaren Gizarte Ongizate saileko zinegotzia dan Izaskun Bilbaoren eskutik.
Horregaitik, martiaren 8aren inguruan urtero egiten doguzan ospakizunen alternatiba bat bilatu gura izan dogu, berbarako, herriko emakumeentzako urteera kulturalak, umeentzako bardintasun-tailerrak Kultur Etxean... Emakumeek gure gizartean daben eginkizuna aldarrikatzen dogu, gehienetan isiltasunean oinarrizko lana eginez. Forurarrok oso harro gagoz Ana Maria Zubiagaz eta bere aintzastepen publikoa emakume ikusezin, baina oinarrizko horreen guztien aintzatespena da, nabarmendu dau Foruko Alkateak, Mikel Magunalezaiak.
Udaleko Bardintasun Sailaren helburua da herritarrak emakumeen eskubideez sensibilizetea eta informetea. Bardintasuna benetakoa eta eraginkorra izan daitela lortu gura dogu eta pandemiaren murrizketak ez daitezela atxakia izan emakumeek eskubideen autortzan lortu daben atzerakadarako. Ana Maria Zubiaga lako emakumeen lanari eta lorpenei ahotsa eta ikusgarritasuna emotea inspiratzailea da geure gizartea aurrera eroateko lanean jarraitzen daben emakume guztientzat.
Ana Maria Zubiaga
Forukoa da eta hogeita hamar urte baino gehiago daroaz ikertzaile lanetan. Bere ahaleginari eta dedikazinoari esker, Euskadi ikerketa zientifikoaren mapan kokatzen lagundu dau.
Zubiagak UPV/EHUn egin eban doktorau aurreko ikerketa-jarduerea eta doktoretza ondokoa Tufts eta Harvardeko unibersitadeetan (1986-1994) egin zituan eta minbiziaren garapenean inplikautako geneen erregulazinoaren azterketan espezializau zan. 1995ean, UPV/EHUn sartu zan irakasle. Gaur egun, Genetika arloko katedraduna da eta graduko eta graduondoko ikasketetan erakusten dau. Minbiziaren Biologiak eta Genetikeak bat egiten dabe bere ikerketa-esparruan.
Zientzialari lanetan, 20 proiektu nazional eta autonomiko baino gehiagotan izan dau etenbako finantzaketea, ikertzaile nagusi legez. 60 artikulu baino gehiago argitaratu ditu, gehienak Biologia Molekular eta Genetikoan eragin handiko aldizkarietan eta 3.900 zitazino baino gehiago jaso ditu. 17 doktore-tesi zuzendu ditu eta 27 master amaierako lan baino gehiago. Era berean, Genetikearen eta Biologia Molekularraren arloko nazinoarteko kongresuetan aurkeztu ditu bere lanak eta ikerketa eta dibulgazino zientifikoko mintegiak emoteko gonbita jaso dau.
Ana Maria Zubiagak irakaskuntza eta ikerketa-lanak eta erakunde-erantzukizunak buztartzen ditu, besteak beste, Biomedikuntza Molekularreko Ikerketa eta Prestakuntza Unidadeko zuzendaria eta Genomikako Zerbitzu Orokorreko aholkularia izatea. Aditu eta aholkulari zientifiko zereginetan, besteak
beste, Minbizia Ikertzeko Espainiako Alkarteko Zuzendaritza Kontseiluko kide hautatua da.
Gainera, Elhuyar Fundazinoaren 2020ko Merezimendu Saria irabazi eban Ana Maria Zubiaga jakitunak, euskerearen normalkuntzan eta zientziaren gizarteratzean egindako lanagaitik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!