'Eulalia Abaituaren emakumeak' Bilbon
2021-03-08 13:49 KultureaErakusketeak XX. mendearen hasieran bizkaiko hainbat emakumeri ataratako 34 erretratu dakarz.
Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak Eulalia Abaitua Allende-Salazar euskal argazkilaritzearen aitzindariaren emakume argazkiak batzen dituan argazki erakusketea inaugurau dabe gaur, Emakumearen Nazinoarteko Egunean. Bizkaiko Batzarretako Erakusketa Aretoak (Hurtado de Amezaga kalea, 6. Bilbo) XX. mendearen hasieran emakume bilbotarrak sasoi haretako Bizkaiko landa eta uri inguruneetan egindako 34 argazki batzen ditu. Irudi guztiak Bilboko Euskal Museoko Argazki Artxiboan gordeten diran jatorrizkoen erreprodukzinoak dira, Maite Jiménez Ochoa de Alda erakusketearen komisarioak batutakoak. Erakusketea apirilaren 23ra arte egongo da zabalik, 8:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura.
Erakusketearen aurkezpenean, Sorkunde Aiarza Euskal Museoko zuzendariak eta Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak azaldu dabenez, erakusketa honek emakumeak historian bete dauen lekua erakusteko eta benetako bardintasuna aldarrikatzeko balio dau eta, ganera, historiak ez-existentziaren plano bidebako batean itxi dituan emakume horreen guztien oroigarria da.
Argazki zaharrek XX. mende hasierako emakumeen munduaren zati bat islatzen dabe, benetako agertokietan, euren jantzi eta lanbideakaz erretratauak izan diran emakumeak. Imajinau beharrik ez dagoan mundu bat, emakume bilbotar honen lanari esker. Ingalaterran egindako egotaldi bati esker argazkigintzearen unibersoan sartu zan eta bertan, argazkilaritzearen hasierako faseetan, lanbidea ezagutzeko aukerea izan eban.
Abaituaren familia Bizkaiko Batzar Nagusiei lotuta dago, Castor María Allende-Salazar Urkijo Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren bilobea izan zalako. Castor izan zan bonbardaketatik bizirik urten eban Gernikako Arbolea landatzea agindu ebana (haren argazki bat be badago). Bizkaira itzulita zaletu moduan sartu zan argazkilaritzan eta ondare parebakoa itxi eban. Otaduik gogoratuazo dauen moduan, "sasoi haretan egoan diskriminazinoaren aurrean kikildu barik haren begirada fotografikoa, lehen pausuak emoten egoan Bilbo industrialetik hasi eta landa inguruko Bizkaira arteko persona, lanbide, egoera eta lekuen unibersoan finkatuz.
Abaituak gizarte maila guztietako emakumeak erretratau zituan. Euskal argazkilaritzearen aitzindaria izan zan, jente gitxik egindako bidea egin ebalako; argazkiak, benetako erreportari grafikoen antzera ataraten zituan. Zuri-baltzeko irudiek baztarretan egoan mundu ahaztua eta ordura arte ikusezina eskaintzen dabe.
Maite Jiménez Ochoa de Alda erakusketearen komisarioaren ikerketa eta argazkiak batzen egindako lanari esker, Bilboko Euskal Museoak Abaituak egindako 2.500 irudi ditu. Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzan gaur inaugurautako erakusketarako aukeratutako 34 argazkiak Euskal Museoak 1990ean "Gure Aurreko Andrak/Mujeres Vascas de Ayer" erakusketan argitarau zituan erreprodukzinoen parte dira.
Argazki-lanen izenburuek –Sardineras, Conchita en Elorrio, María Costa y Asunción / costureras, La vieja de Mañaria, Gitanas Santuchu, Elorrio hilanderas / hermanas de Ubidea, Lechera, Lavanderas en las Arenas...– emakume uniberso estereotipaua eskaintzen dabe, tituluek uniberso konplexuari justizia egiteko balio ez daben arren. Hautaketak emakume xumeak, beharginak, apaindura bakoak, baina berezko duintasun eta dotorezia handikoak batzen ditu. Sasoi haretan nagusi zan kode burges femeninoagaz kontrastea egiten daben irudiak.
Alkarlana Euskal Museoagaz
Erakusketa hau Batzar Nagusiak erakundearen eta bilduma hau Bilboko Erakusketa Aretoan martia eta apirila bitartean erakusteko eta, ostean, Abellanedako Enkarterriko Museora eroateko itxi dauen Euskal Museoaren arteko lankidetzeari esker gauzatu ahal izan da. Erakusketea, bertan dagozan beste hainbat argazkigaz osotuko da.
Modu berean, Euskal Museoak formatu digitalean berrargitaratuko dau Eulalia Abaituaren eta bildumako beste funts batzuen argazkiak dituan con alma de mujer ibilbidea. Ibilbide horrek Zazpikaleak eta Bilbo Zaharra hartzen ditu. Sorkunde Aiarza zuzendariaren eretxiz, zeregin hori, emakumeek hainbat eta hainbat urtetan egin daben ahaleginari eta lan garrantzitsuari ikusgaitasuna emoteko, oso gogoan daukagu Euskal Museoa eta ez bakarrik diskursoan, baita egiten doguzan ekintzetan be. Adibide moduan, Emakundegaz batera orain denpora gitxi egin dan '30 emakume ahaztuezin' erakusketea, 'Estereoskopiak 16+16' erakusketa propioa, Eulalia Abaituaren argazkiakaz edo, urrun joan barik, gaur inaugurau doguna."
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!