Suhiltzaileek euren eguna ospatuko dabe gaur
2021-03-08 10:25 Pil-pileanBilbon kalerik kale ibiliko dira kamioietan.
Martiaren 8a, Emakumeen Nazinoarteko Eguna izateaz gan, suhiltzaileena be bada, euren patroia, San Juan Jainkoarena, egun horretan gogoratzen dalako. Hori dala eta, suhiltzaileek ospakizun eta ekitaldi ugari antolatuko dituegaur, euren lana jenteari erakusteko.
Bilbon, ohikoa izaten da udal suhiltzaileek euren egoitzako ateak publikoari zabaltzea eta olgeta zein erakustaldiak antolatzea. Bilboko Udalak azaldu dauenez, osasun arrazoiak dirala eta, aurten ez da halakorik egingo eta, beraz, zaleek datorren urtera itxaron beharko dabe.
Dana dala, jentea ezin izango danez suhiltzaileen egoitzara joan, suhiltzaileek eurek urtengo dabe kalera. Goizeko 11:00etan hasita, kalerik kale ibiliko dira kamioi eta ibilgailu berezietan. Miribillako egoitzan hasi eta udaletxera joango dira. Hau da ibilbidea: Juan Carlos de Gortazar, Askatasuna, Claudio Gallastegi, Erribera, Areatza, Ernesto Erkoreka plazea, Zabalburu, Juan de Garay, Askatasuna eta Gernika Lorategia.
Bilboko Udal Suhiltzaileen zerbitzua 1884ko urtarrilaren 17an inaugurau eben, baina 1832an sortutako Suteen Kontrako Batzordean dau jatorria. Ondoren, 1858an, San Jose Suhiltzaileen Alkartea eratu eben urian, eta hazi horretatik sortu zan oraingo Bilboko Suhiltzaileen Zerbitzua. Hortaz, modu ofizialean 137 urte daroez bilbotarren larrialdiei erantzuten, baina ia mende biko bidea egin dabe.
Bizkaiko Foru Aldundiak be badauka suhiltzaileen zerbitzua. Honeentzat be, egun handia da gaurkoa. Aurten, igazko legez, ez dabe ekitaldirik antolatu, baina datorren urtean barriro ospakizunak egiteko gogoz dagozala adierazo dabe sare sozialetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!