Euskal artistentzat lau beka birtual emongo ditue Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim museoek

Bizkaie! 2021-03-08 07:49   Kulturea

Izena emoteko epea martiaren 29an amaituko da.

New Yorkeko Guggenheim Museoa | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim museoek zortzigarrenez emongo ditue Euskal Autonomia Erkidegoko artistentzako bekak, baina, igaz pasau zan moduan, aurten be birtualak izango dira, pandemiaren eraginez. New Yorkera joaterik izango ez daben arren, lau bekak irabazten dituen artistek esperientzia profesionala izango dabe arteagaz eta museoen jardunagaz zerikusia daben gaietan trebatzeko, uri haretako Solomon R. Guggenheim Museumeko hainbat atalegaz alkarlanean.

Praktikaldiok graduau amaitu barri daben ikasleei zein azken urtea edo graduondoko ikasketak egiten dabizanei zuzentzen jakez, baldintza bi beteten baditue: EAEn bizitzea (beranduenez 2019ko urtarrilaren 1etik) eta ingelesez ondo egitea, ahoz zein idatziz. Martiaren 29ra arte aurkeztu leitekez hautagaitzak. Irabazle bakotxari 1.750 dolar emongo deutsez. 

Irailetik abendura izango dira praktikak. Online egin beharra oztopoa da, baina, Guggenheim Museokoek azaldu dabenez, 2020ko esperientzia ona izan zan. Honako arloan egingo dabe lan bekadunek: erakusketen diseinua, hezkuntzea, komunikazinoa, marketina, konserbazino-arloa, argitalpenak eta argazkigintzea, besteak beste. Horrezaz gan, ikasleek banakako proiektu bana egin beharko dabe, eta bileretan parte hartu zein jagoken arloko jarduerak bete.

Oinarriak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu