Bizkaia Frontoiak hamar urte bete ditu
2021-03-05 13:49 KirolaPelota profesionaleko 713 jaialdi eta bestelako 317 ekitaldi hartu ditu hamarkada baten.
Bilboko Bizkaia Frontoiaren 10. urteurrena bete da gaur, martiak 5. Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean, Lorea Bilbao Kultura diputaduak hamarkada honetako balantzea egin dau, pelotalekua kudeatzeaz arduratzen dan enpresa-moltsoaren ordezkari Joserra Garaigaz batera. Zabaldu zanetik hona, goi mailako partiduak eten barik jokatu dirala azpimarratu dabe.
Lehenengo jaialdia, hain zuzen be, 2011ko martiaren 19an jokatu zan, partidu nagusia Olaizola II.a-Begino/ eta Martinez de Irujo-Merino II.a bikoteen arteko lehia izan zan. Esku hutsean, 176 jaialdi egon dira enpresa nagusiek antolatuta, eta 442 partidu jokatu dira, tartean 24 final. Bizkaia Txapelketearen zortzi edizinoak be bertan egin dira. Emakumeen txapelketek be leku aproposa topau dabe Bilboko Miribilla auzoan.
Danetara, baina, 713 jaialdi hartu ditu Bizkaia Frontoiak, ze beste modalidade batzuek be leku handia dabe programazinoan. Palan, esate baterako, erreferentziazko pelotalekua da, pala profesionalari eutsi izanaren arrazoietako bat. Txapelketa guztiak kontuan hartuta, 525 jaialdi antolatu dira palan.
Bizkaiko frontoirik handiena izanik, makina bat ikusle joan dira hamar urtean. Balantzean jasoten dan datuaren arabera, 230.000 lagun inguru joan dira pelotea ikusten. Beste ekitaldi batzuk kontuan hartuta, zenbaki hori 270.000 bisitariren bueltan dabil.
Izan be, Bizkaia Frontoia pelotan jokatzeko lekua baino gehiago da. Halako instalazino handi bati probetxu hobea ateratzeko, bestelako ekitaldiak antolatzern dira sarri, kirol arlokoak zein osterantzekoak. Hamar urtean, pelotaz aparteko 317 ekitaldi izan dira: boxeoa, arte martzialak, gimnastikea, turismoa, promozinorako saioak...
Gogoan izan behar da, bestetik, frontoiaren eraikinean bertan Kiroletxea dagoala. Bertan egoitzea dabe Bizkaiko 41 federazinok, ASFEDEBIk (Bizkaiko Kirol Federakundeen Alkartea) eta KITEBek (Kirol-teknikarien Bizkaia Eskolea). Teknikariak eta arbitroak prestetako erabilten da, baita federazinoen egoitza sozialerako be, klubei eta federatuei arretea emoteko.
Lehenengo pelota jaialditik hamar urte beteko diran egunean, martiaren 19an, partidu ugariko jaialdia egongo da egun osoan Bizkaia Frontoian. Zazpi partidu ezker hormako frontoian izango dira, eta beste lau, trinketean. Makina bat modalidadetako kirolariek hartuko dabe parte, esate baterako, zestan, erremontean, palan eta eskuz.
Lorea Bilbao pozik agertu da balantzea egiteko orduan: Hasieran danok onartu genduan instalazino barria ederra eta ikusgarria zala; baina hamar urteotako ibilbideak egiaztatu deuskuna da, jarri ziran helburuak bete dirala. Euskal pelotea eta kirola bultzatzea eta bizibarritzea, zelan ez, baina baita Bizkaiko kirol federazinoei laguntzea, inguruko jarduera ekonomikoa sustatzea, eta aberastasuna eta ondoizatea sortzen laguntzea be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!