Isabel Baquedano dohaintzatik hautatutako zenbait lan Bilbon

Bizkaie! 2021-03-05 11:38   Kulturea

Autorpen bikotxa egin jake pintore horri eta emakume artisten lanari.

Emakumeen Nazinoarteko Egunagaz bat eginez, Bilboko Arte Eder Museoko A aretoak (Artista) –museoko bilduma finkoaren ibilbideko lehenak– jentaurrean aurkeztu dau Isabel Baquedanok (Mendabia, Nafarroa, 1929-Madril, 2018) egindako pinturen eta marrazkien bilduma bat, 2020an artistearen familiak museoari egindako dohaintzatik hautatutakoak eta bildumagile partikular batek emondako beste lan bat gehituta.

Isabel Baquedanok 1960. urtearen hasieran ekin eutson ibilbideari eta sasoi haretan, emakume artista gitxik lortzen eben karrera bat egitea. Bokazino sendo bati men eginda, hasieran figurazino errealistara zuzendu eban bere lana, pop-artea eta kritika soziala kontuan izateari itxi barik. Uriko paisajeak eta eguneroko errealidadeak, lehenik, eta artearen historiatik etozen gaiak (zirkua, Itun Zaharra eta Barria), ondoren, haren intereseko gai ugarietako batzuk dira.

Artista berezi honen lana aldarrikatzeko asmoz, 2019an museoak haren lehenengo atzera begirako erakusketea atondu eta haren lanari buruzko lehen azterlan monografikoa argitaratu eban: Edertasunaz eta sakratuaz goiburupean, erakusketea Bilbon aurkeztu eben eta ondoren, bestelako formatu batean, Iruñera eroan eben, Nafarroako Museora eta Nafarroako Unibersidadea Museora; berreskuratze-proiektu osoan ezinbestekoa izan da bien laguntzea, pintorearen familiak emondakoagaz batera. Oinarrizkoa izan da Ángel Badosek, artistearen lagun handi eta haren obrearen ezagule onak, egindako lana.

Dokumentu-funts baliotsua, dohaintzeak Baquedanoren hainbat sortze-arotako adibide bikainak eta bere karreran interesau jakozan gaienak be baditu: autorretratuak, senide eta lagunen eguneroko egoerak eta erretratuak eta, horreekaz batera, haren sail ezagunenetako batzuk, tartean zenbait erlijino-jazoerari buruzkoak, esate baterako, Adam eta Evaren irudi enblematikoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu