Euskal ilustratzaileen lana babestu dabe Itxitik proiektuaren liburua argitaratuz

Bizkaie! 2021-03-05 08:49   Kulturea

Hogei egileren 40 irudi batzen ditu euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez. 

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Itxitik proiektuaren liburua aurkeztu dau: Harrigarri eta Miragarri. Olgeta Entziklopedia Ilustratua. Euskal Irudigileak-Euskadiko Ilustratzaileen Alkarte Profesionalaren eskutik gauzatu eta Media Vaca argitaletxeak maila artistikoan zuzendutako proiektua pandemiaren sasoian Euskadiko kultura eta sorkuntza-sektorea egituratzeko eta bultzatzeko helburuari eutsiz sortu zan. Euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez kaleratutako liburua da eta 20 ilustratzaileren 40 ilustrazino batzen ditu.

Bilboko Azkuna Zentroan egindako aurkezpenean parte hartu dabe Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Elisabeth Pérez ilustratzaileak eta Euskal Irudigileak-Euskadi Ilustratzaileen Alkarte profesionaleko kideak eta Media Vaca argitaletxeko Begoña Lobok. Liburuko testuen itzulpenean Etxepare Euskal Institutuak be parte hartu dau alkarlanean.

Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak azpimarratu dauenez, pandemiak Ilustratzaileen sare profesionala galtzeko arrisku larria zehaztu dau, lekuko eta nazinoarteko merkatuan gero eta ezagunagoa dana. Guri, erakundeei, eta nire kasuan, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailetik mehatxu hori arintzen saiatzea jagoku, kulturako profesionalei laguntza ekonomiko zuzena emoteko neurriakaz, baita enkargu publikoa bultzatuz be, erakundeetatik, ahal dan neurrian, sormen eta kultura-jarduereari eutsiz. Zupiriak gaineratu dau hor sortu zala liburu honen idea eta emoitza Euskadiko ilustrazinoko profesionalen sarearen erakusgarri dala, 'gure profesionalen sormenerako leihoa eta aniztasunaren eta kalidadearen erakusgarri.

Bestalde, ilustratzaileen alkarteko Elisabeth Pérez-ek eskerrak emon deutsee proiektuan parte hartu daben egile guztiei, egindako ahalegin handiagaitik, nahiz eta beren lana egiteko baldintza gogorrak izan eta alkarteak ilustratzaileen lanbidea duintzeko eta profesionalen sare bat ikusarazoteko egiten dauen lana azpimarratu dau. Media Vaca argitaletxeko Begoña Lobok azpimarratu dauenez, liburu kolektiboa da eta entziklopedia baten formea emon deutsagu. Pandemiaren ondorioz etxebizitzetan sartuta egozan ilustratzaileen lanak erakusten ditu. Parte-hartzaile bakotxari albiste bitxi bi aukeratzeko eskatu jakon, bere ustez erakargarrienak eta interes personaletatik hur egozanak eta testu labur bat idazteko ilustrazinoakaz batera. Liburuak informazinoa eta entretenimendua buztartzen ditu: olgetarako entziklopedia bat da koronabirus sasoian.

Liburuko irudi bakotzak gai bat lantzen dau. Ba al zenekien...  hasita, harridurea sortu nahi daben galderak planteau eta erantzunak emoten ditu entziklopedia berezi honek. Zientzia, teknologia, feminismoa, historia edo psikologia arloko gai eta bitxikeriak azaltzen dira liburuan. Entziklopedia honek gure sortzaileen begiradea mundura zabaldu eta kuriosidadea esnatzeko asmoa dau. Liburua baliogarria izango da Euskadin egiten dan ilustrazinoaren katalogo eta aurkezpen lez. Liburua euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez argitaratu da, Euskadin zein Espainiako Estaduan banatuko da eta liburuaren eta ilustrazinoaren eremuko azoka profesionaletan aurkeztuko da, besteak beste, Bolonian, Frankfurten eta Guadalajaran.

Honako honeek dira Harrigarri eta Miragarri. Olgeta Entziklopedia Ilustratua izeneko liburu honetan parte hartu daben ilustratzaileak: Ainara Azpiazu Axpi, AlexF, Amaia Arrazola, Ane Pikaza, Gastón, Char-Lee Mito, Elena Odriozola, Elisabeth Pérez Fernández, Helena Azkarragaurizar, Higi Vandis, Idoia Iribertegui, Iraia Okina, Javier de Isusi, Jesús Sotés Vicente, Josune Urrutia, Maite Gurrutxaga, Mikel Casal, Miren Asiain Lora, Ruth Juan eta Yolanda Mosquera.

Harrigarri eta Miragarri. Olgeta Entziklopedia Ilustratua

Liburua sano erakargarria da eta esku artean erabilteko goxoa. Arretea erakarten duen publikazinoa da. Media Vaca argitaletxeak jakainarazo dauenez, liburuaren azalean, hori, arrosa eta baltz koloreko azalean, gozokien estalkiaren imitazino bat egin dabe. Argitalpenaren izenak, barriz, Tlaxcalako Historian dau jatorria. Editoreek liburuan azaltzen dabenez, liburu hori Diego Muñoz Camargoren (1529-1599) kronika bat da eta Mexikon espainiarrak heldu aurretik izandako zenbat mirari batzen ditu. Zazpigarren istorioan kurrilo bat harrapatu eben, burua ispilu antzeko bat eukan, hasieran zerua eta izarrak ikusten baitziran eta gero, burruka-ikuskizunak. Agerpen harek ingurukoak artega jarri zituan eta harrigarri eta miragarri iruditu jaken.

Diru-laguntzak

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 105.000 euro bideratu ditu ekimen honetara. 2020ko bagilean, kultur jarduerea sustatzeko asmoz iragarritako ekimenen barruan bultzatutako ekimena izan zan. Kulturako profesionalentzako laguntzez eta kultura-sektoreko enpresa txiki eta ertainentzako deialdiaz gan, Sailak bost proiektu jarri zituan martxan kultur enpresen jarduera eta sorkuntzea sustatzeko asmoz. Danetara, 645.000 euro bideratu ziran bost esparru honeetako proiektuotara: argitalpen-produkzinoa; ilustrazinoa; zinema-produkzinoa; arte plastikoetako sorkuntzea; eta, azkenik, musika-ondarearen katalogazino-digitalizazinoa.

2021. honetan be Eusko Jaurlaritzeak iragarri dau dagoeneko 105.000 euro bideratuko dituala irudi-sorkuntzea bultzatzeko. Euskadin nobela grafikoen eta irudidun liburuen argitalpena dinamizetako helburuari eusteko 15.000 euroko lau laguntza emongo dira komiki edo nobela grafiko bat argitaratzea helburu daben ilustrazino proiektuetarako eta beste 15.000 euroko beste hiru laguntza irudidun album edo liburu bat argitaratzea helburu daben ilustrazino proiektuetarako.

Tailerrak

Kultura eta Hizkuntza Politika sailak Euskal Irudigileak alkartearen eskutik, Harrigarri eta Miragarri. Olgeta Entziklopedia Ilustratua liburuari buruzko tailerrak be atondu ditu eta Euskadiko liburutegiek argitalpenean parte hartzen daben artistakaz antolatu ahal izango ditue. Egile bakotxak libururako egindako irudiaren inguruan egituratuko dau tailerra. Interesa daben liburutegiek info@euskalirudigileak.com helbidean emon ahal izango dabe izena martiaren 31a baino lehen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu