Emakumeen Nazinoarteko Eguneko jarduerak Bizkaiko museoetan
2021-03-05 08:15 KultureaTailerrak, berbaldiak, kontzertuak eta bisita gidatuak antolatu ditue.
Martiaren 8ko Emakumeen Nazinoarteko Egunagaz bat egin dau Bizkaiko Foru Aldundiaren museoen sareak, eta hileon jarduera ugari antolatu ditue, Bizkaiko ondare kulturalaren sorkuntzan, konserbazinoan eta transmisinoan emakumeek egindako ekarpena autortzeko asmoz. Jarduerak familientzat edo publiko guztiarentzat dira.
Bizkai osoan zabalduta, hainbat museo, zentro artistiko eta interes historikoko gune dagoz Bizkaiko Foru Aldundiaren sarean. Horreetako askok hartuko dabe parte martiaren 8aren inguruko egitarauan. Esate baterako, Balmasedan, La Encartada fabrika-museoak Ellas taldearen kontzertu elektroakustikoa dakar hilaren 6an, zapatuan; eta 7an, Ana Apikaren eskutik, ipuin-kontaketea. Genero-ikuspegia lantzeko tailerrak hileko azken hiru domeketan egingo ditue.
Kostaldera jo ezkero, Bakioko Txakolinguneak eta Bermeoko Arrantzaleen Museoak bat egin dabe martiaren 8agaz. Emakumeak eta txakolina mahai-ingurua egingo dabe lehenengoan (13an), eta Mairin Mitchell idazle eta kronikagile irlandarraren inguruko jakingarriak kontauko ditu Xabier Armendariz ikertzaileak Bermeon (18an). Handik hur, Historiaurreko emakumeez dakigunaz egingo dabe berba Santimamiñeko kobazuloetan.
Bilbon, Arkeologi Museoan, Bizkaiko emakume ikerlariak ezagutzeko bisita gidatuak antolatuko ditue martiaren 9tik 12ra. Ganera, umeentzako tailer berezi-bereziak be egingo ditue 14an, 21ean eta 28an. Ispasterko arkularia izenburupean, eta herri horretako hilobi-kobazuloan objektu bitxiz inguratuta topautako buruhazurra oinarri, umeak arkulari izatera animauko ditue egun batez.
Gernikako Euskal Herria Museoan be, bete-betea dator martia, hiru jarduera berezi atondu dituelako. Lehena, Emakumeen artean paseoan ibilbide gidatuak dira, hileko zapatu eta domeka guztietan egiten dabizanak. Bestetik, Literatura eta ondarea topaketetako saio bi dagoz hileon, Toti Martinez de Lezea (11n) eta Miren Agur Meaberen (13an) eskutik. Hirugarrenik, 20an eta 21ean, Emakumeak eta itsasoa. Batelerak tailerra egingo dabe Gernikan.
Muskizko Muñatones gazteluak eta El Pobal burdinoleak berbaldien zikloa antolatu dabe. Ikerketan punta-puntan dabizan emakumeek egingo dabe berba, publikoari arkeologia, historia, artea eta beste jakintza batzuk hurreratzeko. Lehenengo hitzordua, martiaren 28an: Muñatones gazteluan Emakumea Erdi Aroan izenburudun berbaldia egongo da Janire Castrillo eta Irene López historialarien partetik.
Edukiera eta osasun neurriak hobeto beteteko, Bizkaiko Foru Aldundiak jakin eragin dau beharrezkoa dala aurretik izena emotea, jarduera horreetakoren baten parte hartu nahi izan ezkero. Horretarako, kasuan kasuan jagokon museo edo gunera deitu behar da telefonoz, edo posta elektronikoa bialdu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!