Umeen artean kirola bultzatzeko plataformea martxan da
2021-03-03 13:05 KirolaHainbat modalidade ezagutzeko bideoak zabalduko ditue Egin Kirola webgunean.
Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarri dau Egin Kirola izeneko ekimena, 3 eta 13 urte bitarteko umeen artean kirola egiteko zaletasuna bultzatu eta aukeran dituen modalidadeak ezagutzera emoteko asmoz. Interneteko plataforma horretan, sei saio zabalduko ditue astero-astero, harik eta ehun bideo inguruko bildumea osotu arte. Saio bakotxa kirol modalidade baten ingurukoa eta edade-tarte batentzat izango da. Kirol arloko profesionalek gidatuko ditue bideook.
Hiru edade-tartetan banatuko ditue bideoak. Gaztetxuenen bideoak 3 eta 6 urte bitartekoentzat izango dira. 7 eta 10 artekoena izango da hurrengo tartea. Azkenik, 11 eta 13 bitartekoentzako bideoak be atonduko ditue. Astero, tarte bakotxeko saio bi zabalduko ditu Foru Aldundiak Egin Kirola plataforman.
Kirol ezagunenez gan, askotariko modalidadeak zein jarduera fisikoa egiteko beste jarduera batzuk landuko ditue: jantzea, parkourra, pilates, yoga, herri kirolak, soka-saltoa... Olgetak be egongo dira, umeen interesa biztu eta kirola egitera animetako. Saio dinamikoak eta dibertigarriak izango dirala aurreratu dau Foru Aldundiak.
Bideoez gan, Egin Kirola webguneko beste atal batean, entrenamenduetarako baliabideak eta jakingarriak ipini ditue ume eta familien eskura. Bizkaiko kirol federazinoak arduratu dira eduki horretaz.
Egin Kirola ekimena aurkezteko agerraldian, Bizkaiko Kultura diputadu Lorea Bilbaok adierazo dau, gazteei kirola egitea erraztu nahi deutsela, ze gaur egungo egoeran oztopoak ditue jarduera fisikoa egiteko. Eskola kirolean izena emonda egon zein ez, danentzat da aproposa Egin Kirolako edukia. Kirola edozein unetan modu erraz, dibertigarri, entretenigarri eta askotarikoan egiteko aukerea emon nahi jake umeei, esan dau Bilbaok.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!